Gaztetxeko giltzak Udalari emateko erabakia hartu du Elgetako Gazte Asanbladak

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 20a, 11:06

Elgetako gaztetxeko barra.

Giltzak eman aurretik jai bat egingo dutela iragarri dute, eta martxoaren 17rako antolatuko dutela esan dute. Gaztetxea husteko eta txukuntzeko, berriz, auzolanerako dei egingo dutela jakinarazi dute. Apirilaren 14an egin gura dituzte lan horiek. 

Hamabost bat lagun elkartu ziren Elgetako Gazte Asanbladak deituta barikuan egindako batzar irekian. Hartuta zegoen Gazte Asanblada desegiteko eta gaztetxea ixteko erabakia, baina amaiera prozesua zelan egin zegoen erabakitzeko. Barikuan egindako batzarrak emandakoarekin gustura agertu dira Gazte Asanbladako kideak. "Belaunaldi desberdinetako Gazte Asanbladako kideak etorri ziren, eta pozik gaude alde horretatik", esan dute.

Agurreko jaia martxoaren 17an

Jai batekin emango diote amaiera Elgetako gaztetxearen ia 22 urteko ibilbideari. "Martxoaren 17an egitea adostu dugu. Garai horretan da, gainera, Elgetako gaztetxearen urteurrena. Triki-poteoa, eta bazkaria aurreikusten ditugu. Arratsalderako ere antolatu gura dugu zerbait. Ikusiko dugu zer ateratzen den".

Elgetako Udalaren jabetzakoa da gaztetxearen eraikina. Orduko Gazte Asanbladak lokala okupatzeko erabakia hartu zuenean sarraila aldatu zuen. Orain, amaiera prozesua ixteko giltzak Udalari emateko erabakia hartu dute Asanbladakoek. "Urte hauetan guztietan material dezente pilatu da gaztetxean eta giltzak Udalari eman aurretik lokala husteko eta txukuntzeko erabakia hartu dugu. Lan hori auzolanean egiteko eguna ipini dugu; apirilaren 14a izango da. Auzolanerako dei egingo dugu. Argindarraren kontratuak eta antzerako guztiak likidatuta utziko ditugu".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak