Ur saneamendu lanak egiteko zain, oraindik ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2018ko ots. 16a, 09:33
Abendu hasieran uraren kalitatea analizatzeko laginak jasotzen. (Argazkia: Iraitz Lazkano)

Sesto errekatik abenduan jasotako ur laginen azterketak gorotzarekin lotutako bakterioen presentzia handia baieztatu du. Saneamendu lanak egitekoa duen ura agentziak adierazi du eguneratzear dela ur azpiegiturak egiteko esparru akordioa.

Abenduaren 3an Sesto errekatik jasotako laginen azterketak baieztatu egin du aurretik ere jakinekoa zena. Elgetako ur zikinak bertara isurtzen dira. Elgetako estolda da. "24.000 koliforme eta 24.000 eColi baino gehiago ditu. Eta zapitxoak, garbiketa produktuak... Noizko Ura Agentziaren saneamendu lanak?", galdetu du Iraitz Lazkano alkateak. Hain zuzen ere, koliformeak gorotz jatorriko bakterioak dira nagusiki eta eColiak, hesteetako bakterioak.

Elgetako ur zikinak Sesto errekara isurtzen dira, oraindik ere –etxeetakoak zein industrialdekoak–. Eusko Jaurlaritzaren ardurapeko Ura Agentziari dagokio Elgetako ur saneamendu lanak egitea, eta jasota dago lan horiek hiru bat milioi euroko aurrekontua izango dutela. "Kezkatuta gaude; izan ere, gaur egun, 1.100 biztanleko herri batek eta bere industrialdeak ez edukitzea gutxieneko ur saneamendu bat lotsagarria baino gehiago da", esan du Lazkanok. "Hainbat herri daude egoera txarrean, baina esango nuke Elgeta dela bakarrenetarikoa non herri guztiko ur zikinak botatzen diren errekara".

Etengabeko eskaera Elgetatik

Lanak egiteko aurreikuspenik ere ez dagoela dio alkateak, eta behin eta berriz egin dutela ur saneamendu lanak egiteko eskaera. "Oraingoz, jaso dugun erantzuna da exekuzioa ez litzatekeela 2021a baino lehenago hasiko, eta, betiere, aurrekontu lerroa egonez gero". Gauzak horrela, luze joko duela uste du Elgetako Udalak. "Gipuzkoako Urak-ekin elkartzen garen aldiro ateratzen dugu gaia, eta behin baino gehiagotan lu - zatu dugu ur saneamendu lan horiek lehenbailehen egiteko eskaera". Bien bitartean, Elgetako ur zikin guztiak Sesto errekara isurtzen dira, eta hortik Bergarara joaten dira. "Bi ponpaketa sistema daude Elgetan: bata kiroldegiko kantxa inguruan eta bestea Elorriorako bidean. Elgetako ur zikinak Bergara aldera bidaltzen dira, Aixola urtegira ez joateko", azaldu du. "Herriguneko zati handi bateko ur zikinak eta industrialdekoak Sesto Azpi baserriaren atzeko aldean isurtzen dira errekara. Domingo Iturbeko ur zikinak, berriz, beheraxeagotik sartzen dira Sesto errekara".

Hitzarmen berria, eguneratzear

Ura Agentziak jakinarazi berri duenez, eguneratzear da Gipuzkoako Foru Aldundiarekin konprometitutako ur azpiegiturak egiteko esparru akordioa. "Epe laburrean", esan dute. Eta gaineratu dute Elgetako saneamendu lanak horren barruan egongo direla. Saneamenduaren kudeaketa udal eskumenekoa dela eta aipatutako hitzarmen horren bitartez ur azpiegiturak egiten lagunduko dutela adierazi dute. "Oraindik ezin dugu zehaztu, baina, zein epetan egingo diren. Hori da, oraingoz, gaiari buruz esan dezakeguna".

2007ko azaroaren 23koa da indarrean dagoen hitzarmena. "Bete gabe dagoela begi bistakoa da", esan du alkateak.

Zikinkeria eta kiratsa

Isurketa puntu nagusitik oso gertu dago Sesto Azpi baserria. Urrunxeago dago Sesto Gain. Sesto Azpin ez da gaur egun inor bizi, baina ganadua dute bertan eta egunero-egunero joaten dira etxekoak. "Urte askoan dago hori horrela. Batean baino gehiagotan izan dira ikusten eta esan dutena da 2020ra arte- edo ezingo dutela konpondu", azaldu du Sesto Azpiko Mertxe Elorriagak.

Zikinkeria eta usaina nabarmendu ditu Elorriagak; batez ere, usaina. "Siku badago, beti dago usaina hemen, baina, batez ere, 18:00 aldera. Zerbait zabaltzen da nonbait, eta, orduan, kirats handiagoa etortzen da", azaldu du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak