Debagoieneko Mankomunitateak emandako datuen arabera 2017an Elgetaren kasuan hondakinen bereizte tasa %80,65 izan da. Aurreko urteko tasa %81,2 izan zen. Hortaz, 0,55 egin da atzera herrian eta horrek esan gura du 2017an elgetarrek errefus kopuru handiagoa sortu dutela.
Hain zuzen ere, 2017an elgetar bakoitzak 76,27 kilo errefus sortu du. 2016ko datua zen 74,15 kilo urtean elgetar bakoitzeko. "Bilketa selektiboaren datuak nahiko onak izaten jarraitzen dute; izan ere, %80aren gainetik gabiltza", esan du Iraitz Lazkano alkateak. "Ikusi duguna da nahiz eta %80aren gainetik jarriatu ehunen batzuk jaitsi ditugula iazkoaren aldean. Errefus kopuruan zerbait gora egin dugu, ia bi kilo gehiago biztanleko urtean. Ez dut uste larritzeko datuak direnik baina saiatu behar dugu honi buelta ematen joera bihur ez dadin".
Debagoinean Antzuola da 2017an hondakinen bereizte tasa handiena lortu duen herria; %82,49, hain zuzen ere. Jarraian datoz Leintz Gatzaga, %80,83; Oñati, %80,72; Elgeta, %80,65; Bergara, %80,62 ; Aretxabaleta, %78,66; Arrasate, %77,89; eta Eskoriatza, %76,82. Debagoieneko batez bestekoa %79,28 da.
Elgetako datuei dagokienean alkateak honakoa esan du: "Ondo gabiltza, baina ez dugu pentsatu behar ondo gabiltzalako dena eginda dagoenik. Ohiturak hartzeko kontua da honakoa. Luze joko digu eta poliki-poliki egin beharrekoa", esan du Lazkanok.
Sentsibilizazio kanpaina berria
Herritarren kontzientziazioan eragiteko eta errefusa murrizteko sentsibilizazio kanpaina berria iragarri du Udalak. "Oraindik ere errefusera botatzen dugun horretatik zati handi bat birziklagarria da eta horretan egin nahi dugu indarra hurrengo urteetako datuak hobeak izan daitezen", jakinarazi du alkateak.
Mankomunitateak emandako datuen inguruan Lazkanok esan du gorabehera handiak daudela batez ere urrian, azaroan eta abenduan. Sasoi horretan egin zuen Mankomunitateak zerbitzuarekin lotutako azken esleipena. "Uste dut horrek ere tira egin duela pixka bat beherantz".
Konpost-guneetan
Hondakin organikoaren kudeaketarekin lotuta Domingo Iturbe kaleko konpost-gunean egindako hobekuntza nabarmendu ditu alkateak. "Hor genituen arazo gehien. Hainbat konpost-kutxa beteta zeuden aspaldian eta horiek kendu, berriak ipini eta gunea garbitu genuen. Arazoak, nire ustez, gutxitu egin dira, baina prozesua ondo egiten jarraitu nahi badugu horrek jarraipena eskatzen du. Brigadako langile batek egunero aireztatzen ditu konpost-kutxak eta eskuragarri eduki behar da behar beste material lehor herritarrei konpost egitea ahalik eta gehien errazteko; izan ere, ekonomikoagoa ateratzen zaigu eta askoz ere ekologikoagoa da".
Bestelako bilketa zerbitzuak
Eguaztenetan hamabostean behin Salbador kalean egoten den garbigune ibiltariak bere zerbitzua egiten duela uste dute udaletxean. "Zerbitzu oso aproposa da. Pilendako, esaterako, baditugu bestelako bilketa puntuak, baina denoi gertatzen zaigu adibidez bi CD edukitzea botatzeko eta oso ondo dator garbigunera jaitsi beharrean garbigune ibiltaria herrira etortzea. Garrantzitsua da herrian bertan aukera edukitzea halako gauzak era selektiboan jasotzeko".
Traste handien bilketarekin, ordea, izan dira arazo batzuk azkenaldian. "Arazo puntualak izan direla uste dugu, baina herritarrek jakin behar dute traste handiak botatzeko eguna, Elgetan, eguena dela".