Emaitza onak ditu enpresak eta orain MEK Group-eko kide izatera pasatzen da. Iaz bete zituen 75 urte Tornilleria Lema S.A. enpresak. Torlojuak egiteko sortu zuten Eibarren, eta orain hemezortzi urte igo zuten jarduera Elgetara.
Gaur egun, automoziorako piezak dira produkzioaren %98; frenoak eta direkzioak egiten dituzte, gehienbat. Tornilleria Lemako jabeek azaroaren 24an sinatu zuten MEK Group taldean sartzeko akordioa. Ehun bat langile ditu enpresak, horietako hamabi Mexikoko plantan.
---
Ramon Azkarate - MEK Lemako industria zuzendaria
Emaitza onak ditu enpresak eta orain MEK Group-eko kide izatera pasatzen da.
Emaitza onak ditugu eta Foru Aldundiko arduradunendako garrantzitsua da bertako enpresak kanpora ez joatea eta erabakitze guneak hemen mantentzea. MEK Group bertakoa da. Badauzka beste enpresa batzuk, baina Lema izango da tamainaz eta teknologikoki handiena. Egia esan ez genuen Markel Olanoren bisita espero. Nola lan egiten dugun jakin nahi zuten aspaldi. Etorri dira, erakutsi diegu lantegia eta pozik joan dira.
Zergatik MEK Group-en sartzeko erabakia?
Atzetik belaunaldi berririk ez zetorrela ikusita jabeek pentsatu zuten enpresa merkatura ateratzea. Potentzial handiko enpresa da eta interesatu bat baino gehiago egon da, baina jabeen interesa zen talde industrial batek hartzea jarduerak jarrai zezan.
Handitu egingo duzue Elgetako planta, ezta?
Bai. Makina eta jende gehiago sartu nahi ditugu eta atzeko aldean bi solairuko planta egingo dugu. Kamioiendako irteera nahi genuen baina bidegorria dagoela-eta ezinezkoa izango dela dirudi. Udalak ez du baimenik ematen eta beste modu batera antolatu beharko dugu kontu hori.
Elgetako langileak dituzue?
Gero eta gehiago. Orain zazpi bat urte bakarra egongo zen. Gaur egun saiatzen gara herriko jendea hartzen lanerako.