Elgetako enpresako industria zuzendari Ramon Azkarate eta kudeatzaile Aitor Iziar izan dira harrera egiteko arduradunak. MEK Group taldeko aholkulari delegatu Jabier Alcoba eta Whitehole talde inbertitzaileko Galo Alvarez ere bertaratu dira. Lan bilera eta plantaren bisita egin dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariekin.
"Enpresa lehiakor baten aurrean gaude", esan du Markel Olano ahaldun nagusiak. "Ehun lanpostutik gora mantendu dituzte eta krisi garaian enplegua sortzeko gauza izan dira. Hori lehiakorra bazara soilik egin daiteke, eta gaur ikusi dugu zein faktore dauden lehiakortasun hori bermatzeko: azkenean, lana kalitatez eta zehaztasun handiz egitea".
MEK Group taldean sartzeko erabakia ere txalotu du Olanok. "Urrats horrek bermatzen du enpresaren iraunkortasuna eta etorkizuna. Ez hori bakarrik, MEK Group taldea euskal taldea da eta horrek erabakiak bertan hartzeko aukera ematen du. Uste dut krisi garaian eduki dugun noraezarekin faktore garrantzitsua dela hori. Prozesu honekin lanpostuak bermatzen dira eta proiektua bera biderkatu egiten da".
Iritzi berekoa da MEK Group taldeko aholkulari delegatu Jabier Alcoba. "Enpresa honek etorkizun oso ona dauka. Globalista izan beharra dago. Tamainako eta presentziako enpresen mundua da honakoa. Ezin gara zilborrera begira egon", esan du.
Planta berria laster Elgetan
MEK Leman leku faltan dira. Makina gehiago sartu gura dituzte eta biltegia ere txiki gelditu zaie. Hala, hemendik eta abuztura 1.600 metro karratuko planta berria egingo dute gaur egungo eraikinaren atzeko aldean, aparkalekua duten tokian. Abuzturako amaituta beharko lukeela adierazi du enpresako industria zuzendari Ramon Azkaratek.
Iaz bete zituen 75 urte enpresak. Torlojuak egiteko sortu zuten Eibarren, eta orain hemezortzi urte igo ziren Elgetara. Gaur egun, automoziorako piezak dira produkzioaren %98; frenoak eta direkzioak egiten dituzte, gehienbat. Ehun bat langile ditu enpresak guztira.