Askotariko udal ordezkariak elkartu ziren astelehenean frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako udalerrien sareak egindako jardunaldian. Memoria historikorako berreskuratu berria izan den La Modelo espetxean egin zuten egun osoko saioa.Parte-hartzaileen artean izan ziren Bartzelonako alkate Ada Colau, Iruñako alkate Joseba Asiron, Gasteizko alkate Gorka Urtaran, edo Durangoko alkate Aitziber Irigoras, bestea batzuen artean.
"Maila politikoan zein juridikoan hainbat gauza partekatzeko balekoa izan zen. Prestigiozko abokatuak izan ziren gai honi buruz berba egiten, eta beraiek ere bazituzten nahiko ikuskera ezberdinak gaiaren inguruan. Jorra daitezkeen bide ezberdinak plazaratu zituzten eta horiek aztertzeko aukera egon zen", baloratu du Bartzelonatik bueltan Iraitz Lazkano alkateak. "Bide penaletik harago frankismoak egindako krimenak zelan epaitu daitezkeen ere azaldu zuten abokatuek. Bide penala ez da bakarra".
Frankismoaren krimenen aurka orain arte aurkeztutako kereilak eta kereila horiek egindako bidea ere hizpide izan zituzten jardunaldian.
Elgetako kereila
Elgetako Udalak aurkeztutako kereilarekin berriki gertatutakoa aztergai izan zuten jardunaldian. "Elgetako kasua berezia izan da epaile batek lehenengo aldiz, eta hasiera batean behintzat, onartu zuelako kereila aurrera eramatea. Oihartzun handia izan du estatu mailan, eta beste batzuen artean adibide moduan jarri den kasuetako bat izan da", esan du Lazkanok. "Nire parte-hartzean optimismorako eta itxaropenerako mezua transmititu nahi izan nuen. Bide judizialean behin eta berriz oztopoak topatzeak eragin dezake frustrazioa, eta ez dugu horretan jausi behar, nire ustez. Beste bide batzuk topatu behar ditugu. Azpimarratu behar da bide onetik gabiltzala eta justizia dela eskatzen gabiltzana. Ezin dugu etsi".
Udal garrantzitsuak sarean
2016an sortu zuten frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako udalerrien sarea. Iaz, Iruñan egin zuten jardunaldia lehenengo aldiz. Sorreratik dira bertako kide Madril, Bartzelona, Zaragoza, Coruña, Cadiz zein Iruña. Beste hainbat udal atxiki dira ordutik, tartean Elgetakoa.
Sare horretan udalerri handiak egotea garrantzitsua den galdetuta honakoa erantzun du Elgetako alkateak: "Oihartzun mediatiko handiagoa ematen du, baina justizia eskaera bat ez da justizia eskaera justuagoa hiriburu handiago batek egiten duelako. Egia da oihartzun mediatikoa garrantzitsua dela eta udal horiek, gainera, guk baino bitarteko handiagoak dituzte bestelako abokatuekin egoteko, bestelako sareak sortzeko... Nire ustez garrantzitsua dena da herri handi zein txiki guztiak sartzea sare horretan", azpimarratu du Lazkanok.
Ahalegin kolektiborako dei
Elgetako alkateak argi du frankismoaren zigorgabetasunarekin amaitzeko ahaleginak kolektiboa izan behar duela, eta garrantzitsua deritzo udalerri gehiago atxikitzea sare horretara. "Uste dut oso garrantzitsua dela frankismoaren krimenen kontra borrokan ari garen herriak, eragileak eta abarrak elkar ezagutzea eta esperientziak partekatzea. Ez dut uste borroka indibiduala denik baizik eta denok batera egin beharreko zerbait. Deialdia egin nahiko nuke eskualdean edo inguruan beste udal batzuk baditugulako kereilak sartu dituztenak edo sartzeko aukera aztertzen ibili direnak. Esango nieke garrantzitsua dela frankismoaren zigorgabetasunaren aurkako udalerrien sare horretan sartzea".