Elgetako Udalak 2015ean ekin zion Ateak Irekiz ekimenari. Herritarrendako bisita irekia egin zuten zenbat gela eta zein egoeratan zeuden ikusteko. "Orduko balorazioa izan zen gure borondatez eta auzolanean lan handia egin zitekeela, eta uste dugu lan hori egin dugula", adierazi du Kultura zinegotzi Janire Lazkanok. "Erabilpen jakinik gabe zeuden gelak hustu eta garbitu ditugu auzolanean".
Hiru solairu eta hamaika gela
Kataia izenarekin ezagutzen den eraikinak hiru solairu ditu eta neurri eta ezaugarri desberdinetako hamaika gela. Gaur gaurkoz erabilgarri daude gehienak: argazkilaritza gela dago oraindik hutsik txukunketa eta garbiketa lanak eginda badaude ere.
Gainerakoan, Kataiak udal liburutegiaren, musika gelaren eta KZgunearen kokapena izaten jarraitzen du, eta eraikinean dute egoitza Kantsatzeke mendi taldeak zein hilean behin erretiratuek antolatzen duten podologia zerbitzuak. Aldaketei dagokienean gaur egun erakusketa gela moduan funtzionatzen du zeramika edo buztin gelak, eta aspaldi ez dela bi elkartek hartu dute egoitza kultura etxean: Goibeko Euskaltzaleen Topaguneak eta Maala guraso elkarteak. "Guraso elkarteak biltegi bat behar zuen eta eskailerapeko gela luzatu zaio. Goibekori lehen solairuko gela luzatu zaio".
Berrantolaketa prozesuak eragina izan du baita ere liburutegian zein EPA gelan. Hirugarren solairuko gela txikian zeuden KZguneko ordenagailuak bigarren solairura jaitsi dituzte, eta hutsik gelditutako espazio horretan bibliotxiki zerbitzua dago orain. Urriaren 24an zabaldu zuten. "Lan dezente eskatu digu ume txikiak egotera lurra eta berogailurako segurtasun sistemak ipini ditugulako. Erabili egiten da eta neguan goxo-goxo eta gustura egoten dira umeak".
Lanak bigarren solairuko gelan
EPA gelak izen berria hartuko du aurrerantzean, eta areto balioanitza izango da. Auzolanean margotu dute Gabonetan eta arbel berria ipini dute. Lanak guztiz amaituta ez badaude ere betiko moduan hitzaldiak eta ikastaroak egiteko aukera izango da bertan. KZguneak ere gela horretan hartuko du lekua. Arazoak daude oraingoz Internet konexioarekin eta Udala arduradunek arazoa konpondu zain dago. Erabilera berria ere eman gura diote espazio horri. "Uste dugu badagoela behar bat ikasketa gela edo eskolako lanak egiteko gela baterako. Erabiltzaile asko liburutegian egoten dira eta egia da ez dela lekurik aproposena. Kultura batzordean aukera hori aztertzen dihardugu", esan du Janire Lazkanok.