"Hitanoa zer den, noiz eta norekin erabiltzen den eta horrelakoak aitatuko ditugu lehenengo, eta gero aditz erabilienak ikasi eta era guztietako ariketak egingo ditugu", aurreratu du Elexpuruk.
Euskara zinegotzi Janire Lazkanok hitanoa ikasi zein hobetu nahi duten herritar guztiak gonbidatu ditu ikastaroan parte hartzera. Gehiago ere esan du: "Laguntza teoriko bat emango digu Elexpuruk, baina hori praktikara eraman behar da, eta badugu asmoa berbalagun saio txiki batzuk sortzeko".
Begi onez ikusten du erronka hori Elexpuruk. "Bost edo sei laguneko taldea elkartzen bada ikastaroaren ondoren, Hikalagun talde bat sor daiteke. Erabiliz ikasten da hika, dena bezala". Hitanoak ezagutu ditu garai hobeak Elgetan, baina oraindik ere badaude hika oso ondo egiten duten herritarrak. Gaiaren inguruko erreportajea emango dute gaur Goiena telebistako Hemen Debagoiena saioan.
Izen-ematea zabalik
Interesatuek hilaren 7ra arteko epea dute ikastaroan izena emateko, eta prezioa da bost euro. Antolatzaileek adierazi dute sei laguneko gutxieneko taldea osatu beharko dela ekimenak aurrera egiteko. Udaletxean ematen dituzte argibide gehiago.