Juan Martin Elexpuru: "Euskararen osasuna neurtzeko termometro oso ona da hiketa"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko aza. 3a, 14:16

Juan Martin Elexpuru.

Elexpururen esanetan baserri giroko herrietan gehiago egiten da hika, eta gizonezkoek gehiago emakumeek baino. Hitanoaren egoera ez da ona, baina Elexpuruk uste du jendeak nahi duela ikasi. Zortzi orduko ikastaroa egingo du azaroan, Elgetan.

Zein da hitanoaren egoera?
Euskara oso bizi dagoen lekuetan gehiago egiten da —Bizkaiko kostaldea da salbuespena; aspaldi samar galdu zen, auskalo zergatik—. Elgetan nik uste dut berrogeita hamar bat urtetik gorako gehienek egiten dutela, eta handik beherakoen artean batzuek bai eta beste batzuek ez. Eta egiten dutenen artean ere, batzuek ondo eta beste batzuek ez hain ondo.

Noiz eta zergatik egin du behera?
Azken 50-60 urtean gehienbat. Ordura arte ia mundu guztiak egiten zuen. Entzunez modu naturalean ikasten ziren bi erregistroak —zuka eta hika—, baina frankismo gordinak euskara bera ere galtzeko zorian jarri zuen, eta jakina, hiketa lehenengo. Zenbait abade eta guraso atzerakoik ere izan du eragina, hika egitea bastotzat eta errespetu faltatzat jo izan dutelako.

Prestigio kontua izan da? Zenbait lekutan osasuntsuago dago.
Sasoi batean hikak ez zuen prestigio handirik elite euskalzaleen artean. Gaur egun, teorian bai baina praktikan ezer gutxi egiten da hitanoaren alde. Azpeitia-Azkoitia aldean, Oñatin, Antzuolan… indartsuago dago, bai, nahiz eta belaunaldi gazteetan oso sartuta dagoen "hiper-hiketa": jaokela, juatela eta horrelako forma ez zuzenak. Oro har, esan daiteke hiketa euskararen osasunaren termometro ona dela.

Ematen dira baldintzak gaur egungo egoerari buelta ematen hasteko?
Jendeak nahi du hika egin, hurbiltasun, berotasun, konplizitate puntu bat ematen duelako —hori da hitanoaren grazia—, baina guraso askok ez dakite, eskolan ez da erakusten, telebistan ez da entzuten… Zela ikasi? Neurriak? Eskola, telebista… eta herri-euskara ere erakutsi, hau da, dialektoa gehiago erabili eskolan zein hedabideetan. Goienan, adibidez, je-je: izan ere, euskalkiko hitanoaz dihardugu; eta zela ikasi eta zabaldu hiketa, zuketa eta herriko berbeta jakin ezean? Badakit basamortuan sermoia egitea dela hau, baina…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak