Elgetako Udalak %1,5 igoko ditu udal zergak eta ordenantza fiskalak. Martitzenean egindako osoko bilkuran hartu zuten erabakia EH Bildu talde politikoaren aldeko botoekin eta Gu Geu Elgeta taldeko ordezkarien abstentzioarekin.
Bi arrazoi nagusi eman zituen Iraitz Lazkano alkateak igoera azaltzeko: kontsumoko prezioen indizea (KPI) maila horretan igo dela, eta badirela bi urte Udala %1eko igoera aplikatzen ari dela pertsonalaren kapituluan.
Zerga eta tasa berriak ere sortu ditu Udalak. Esaterako, hilobiak lurpetik ateratzeko tasa, errekreazioko materiala alokatzekoak, hirigintza txostenekin lotutakoak edo txakur arriskutsua edukitzeagatik lizentzia tramitatzeko tasa.
Oposizioa abstenitu egin zen. Gu Geu Elgetako ordezkariak ados daude orokorrean igoerarekin, baina ez dute bat egiten etxebizitza hutsei aplikatzen zaien %100eko errekarguarekin. Kendu egin beharko litzatekeela uste dute.
Hilerriko horma
Hilerriko horma konpontzeko egitekoak diren lanak ere hizpide izan zituen udalbatzak. Elgetako Udalak azaroaren 1aren ondoren hasi gura ditu lanak eta bestelako irisgarritasun obra txikiak ere egiteko guztira 31.000 euroko kreditu aldaketa onartu du. Lanak 2016ko likidazioaren gerakinetik finantzatuko dira. Oposizioak kezka azaldu du Udalak ez duelako Foru Aldundiaren Gastu Araua beteko.
Ozkarbi elkartearekin hitzarmena
Batzarreko azken puntuan erretiratuak direla-eta Elgetako Udalak Ozkarbi elkartearekin duen kontratu-hitzarmena izan zen aztergai. Kontratuaren gainean Lazkanok azaldu zuen orain arteko baldintza berdinak jasotzen dituela. Hala, Ozkarbi elkartean dagoen gastu arruntaren zati proportzionala ordainduko du Udalak. Alkatearen esanetan kopuru hori 15.000 eta 19.000 euro artekoa izan ohi da, eta azken urteetan beheranzko joera izan du. Kontratuak bi urteko iraupena du eta bi aldeek eragozpenik jartzen ez badute urtero joango da berritzen.
Oposizioa abstenitu egin zen alde batetik gastu arrunta mugatzeko beharra ikusten dutelako, eta bestetik egoerari irtenbide bat eman behar zaiola uste dutelako.