Erretiratuek egiten duten erabilera dela-eta kontratua sinatu du Udalak Ozkarbi elkartearekin

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 26a, 12:00

Elgetako erretiratu taldea karta jokoan, Ozkarbi elkartean.

Udalbatzak martitzeneko osoko bilkuran izan zuen erabakia mahai gainean. Oposizioa abstenitu egin zen gastu arrunta mugatzeko beharra ikusten dutelako, eta egoerari irtenbide bat eman behar zaiola iritzita.

Elgetan ez dago erretiratuendako egoitzarik eta funtzio hori, gaur egun, Ozkarbi elkartearen egoitzak betetzen du. Udalak eta Ozkarbi elkarteak martitzenean sinatu zuten egoera hori arautzen duen hitzarmena edo kontratua. Osoko bilkura amaitutakoan egin zuten sinadura ekitaldia Iraitz Lazkano alkateak eta Ozkarbiko presidente Saioa Arantzabalek. Aurretik, alkateak adierazi zuen ez dutela orain arteko egoerarekin lotuta sinatutako kontraturik aurkitu udaletxean. "Ez dugu aurkitu kontratua zelan zegoen eta erabaki dugu berri bat egitea gauzak ordenatu eta hutsetik hasteko", esan zuen.

Kontratuaren gainean Lazkanok azaldu zuen orain arteko baldintza berdinak jasotzen dituela. Hala, Ozkarbi elkartean dagoen gastu arruntaren zati proportzionala ordainduko du Udalak. Alkatearen esanetan kopuru hori 15.000 eta 19.000 euro artekoa izan ohi da, eta azken urteetan beheranzko joera izan du. Kontratuak bi urteko iraupena du eta bi aldeek eragozpenik jartzen ez badute urtero joango da berritzen.

Gastua mugatu eta egoera bideratu

Erabaki honetan oposizioak abstentziora jo zuen. Gu Geu Elgetako ordezkariek gastu arrunta nolabait mugatzeko beharra ikusten dute, eta uste dute erretiratuen egoera ez dela egokiena Elgetan. "Gastu arrunta handitu daiteke. Udalak aukera izango luke muga bat jartzeko? Hau negoziatutako dago Ozkarbirekin?", galdetu zuen oposizioko Eduardo Zubiaurrek. "Udalak hor ez dauka kontrolik. Elkarte horretan gastuak gora egingo balu eta 19.000 euro izan barik 25.000 euro izango balira, eta gastu hori justifikatua balego Udala behartuta egongo litzateke ordaintzera".

Mikel Larreak bere aldetik esan zuen horrelako hitzarmenak kontsolidatzeak arrisku handiak dituela. "Komeni zaigu pentsatzen joatea ea zein izan beharko litzatekeen etorkizuna. Uste dut bideratzen joan beharko genukeela kontua. Eta ez dut esaten epe motzean edo ertainean. Nik ez daukat alternatibarik. Ez dut ikusten, baina hemen beste entitate batzuk ere parte hartzen dute, eta elkartzea komeni dela uste dut", esan zuen.

Eraikinaren jabe den Elgetako Cooperativa Catolica del Campo elkarteari erreferentzia zuzenik egin gabe esan zuen jakin beharko litzatekeela egoera onartzen duen ala ez. "Uste dut eraikinaren jabea, esaterako, jokoz kanpo dagoela. Ez dakit informazio zehatza daukan kontratu honen inguruan. Merezi du, nire ustez, elkartzea eta gauzak argitzea".

Iraitz Lazkano alkateak esan zuen egoera idealena izango litzatekeela udaletxeak diru asko edukitzea eta izatea zerbait egokitua eta erretiratuei eskaitzeko modukoa. "Uste dut denok garbi ikusten dugula hori. Gertatzen dena da bizi garela Elgetan eta bizi garela egoera ekonomiko oso-oso estu batean. Egoera idealetik errealitatera dagoen tartea da hain handia momentuan eta epe motzean behintzat beste aukerarik ez dugula ikusten".

Gu Geu Elgetako Eduardo Zubiaurrek hainbat proposamen egin zituen: "Hemen ezin da aplikatu beste erakunde edo ekintza batzuekin egindakoa. Hau da, aurrekontua murriztea? Poztekoa da gastu arruntean murrizketa bat gertatzen ari dela, baina gerta daiteke hurrengo urtean berriro ere 19.000 eurora joatea gastu arrunta edo auskalo nora. Hemen ere Udalaren egoera ekonomikoa uste dut islatu beharko litzatekeela beste arlo askotan islatzen ari den moduan. Murriztea, edo negoziatzea baldintzak edo erretiratuek beste zer edo zer jartzea edo jabea egoeraz ohartzea eta Ozkarbik beste baldintza batzuetan negoziatzea egoera…", aipatu zituen.

Gaur gaurkoz Ozkarbi elkarteko gastu arruntaren zati proportzionala ordaintzen du Udalak erretiratuek eraikinaren erabilera egiteko. Aurrerantzean, ordea, eta orain arte ez moduan ez dira kontuan hartuko elkarteak egiten dituen bestelako inbertsioak —irisgarritasun lanak, bestelako obrak…—. "Beharra egonez gero zerbait berezia egiteko kasuan kasu aztertuko eta negoziatuko litzateke", azaldu zuen alkateak.

Erretiratu kopuruak, bestalde, bazkide kopuru guztiaren %50ra helduko balitz kontratua bertan behera uzteko aukera egongo litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak