31.000 euroko gehikuntza hilerriko hormaren konponketarako zein irisgarritasun lanetarako

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urr. 26a, 09:00

Konpontzeko dagoen hilerriko horma habetuta dago egunotan.

Elgetako Udalak azaroaren 1aren ondoren hasi gura ditu hilerriko hormaren konponketa lanak. Bestelako irisgarritasun obra txikiak ere egin gura ditu, eta 31.000 euroko kreditu aldaketa onartu du. Lanak 2016ko likidazioaren gerakinetik finantzatuko dira. Oposizioak kezka azaldu du Udalak ez duelako Foru Aldundiaren Gastu Araua betetzen.

2017ko aurrekontuak 35.000 euroko diru-lerroa aurreikusten du hilerrian konponketa lanak egiteko, eta 7.300 euroko diru-lerroa herriko hainbat gunetan irisgarritasun obrak egiteko.

"Hilerriko horma konpontzeak espero genuena baino dezente aurrekontu handiagoa du", adierazi zuen martitzeneko osoko bilkuran Iraitz Lazkano alkateak eta proposatu zuen dagoen diru-lerro horri 25.000 euroko txertaketa egitea iazko diruzaintzaren gerakinetik. Hala, guztira, 60.000 euro egongo dira partida horretan. "Uste dugu gutxi gorabehera hortik ibiliko dela obra horren kostu osoa", esan zuen.

Lazkanok zehaztu zuen hilerrian egin beharreko lanetan lehentasuna nahiko egoera txarrean dagoen horma konpontzea dela. "Bide batez bestelako lan batzuk egiteko asmoa genuen. Esaterako, kolunbario bat egitea edo hezurtegia estaltzea edo hezurtegiari ate bat ipintzea. Hezurtegian atea jartzea posible izango da, baina kolunbarioa egitea eta hezurtegia estaltzea ez. Aurrekontuak ez du gehiagorako ematen", jakinarazi zuen.

Irisgarritasun obra txikiei dagokienean 6.000 euroko gehikuntza onartu zuen martitzenean udalbatzak. "7.303 euroko diru-lerroa dugu gaur egun, eta 6.000 euro gehituta 13.303 euroan geldituko litzateke diru-lerro hori", azaldu zuen alkateak. Adierazi zuen diru hori egiteko dauden asfaltatze lan batzuk egiteko eta herriko hainbat gunetan konpontzeko daude aldapa batzuk irisgarri ipintzeko izango dela. "2016ko lidikazioaren gerakinetik 10.000 euro pasatxo geldituko dira emergentzietarako", zehaztu zuen.

Oposizioa kezkatuta

Kezka azaldu zuten Gu Geu Elgeta taldeko ordezkariek. "Planteatzen diren obrak beharrezkoak dira, egin beharreko lanak dira eta kostu hori badute ondo iruditzen zaigu partidetan kreditu aldaketa bat egitea, baina txostenarekin kezkatuta gaude. Ikusteko dago urtea zelan bukatzen den, baina Udalak ez du Foru Araua beteko eta arau hori eginda dago zor finantzarioa murritzen joateko. Gu, alderantziz, ari gara erabiltzen gure aurrekontua nolabait moldatzeko. Arriskutsua izan daiteke", esan zuen Mikel Larreak.

Iraitz Lazkano alkateak erantzun zion Udalak daukan arriskua kalte-ordainetan ordaintzen dabilena dela. "Hurrengo urtetik aurrera, eta aurten ere bai akaso, 250.000 euro ordaindu behar ditugu kalte-ordainetan. Aurrekontu horrekin bi aukera ditugu; edo erabakitzen dugu zor finantzarioa pixka bat atzeratzea eta hori da berfinantzazioarekin egin genuena, edo praktikan udaletxea itxi egin behar dugu eta ezer ez egin. Berez, Gastu Araua betetzeko aukera bakarra izango litzateke, eta ez dugu uste hori denik bidea. Kezkagarria dela? Bai, baina honek baino gehiago kezkatzen nau ordaintzen ari garen zorrak. Egia esan, txostenak esaten duena da ez dugula Gastu Araua betetzen eta akaso plan ekonomiko bat egin beharko dugula. Plan ekonomiko bat egitea ere ez da beste munduko gauza dramatikoa. Udal askotan egiten den tramite bat besterik ez da, eta Udalaren kontuak bideratzen joatea da".

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak