Espaloia kafe antzokia ustiatzeko interesa dutenek 30 eguneko epea dute proposamenak aurkezteko. Elgetako udalbatzak atzoko osoko bilkuran onartu zituen, aho batez, antzokiaren kudeaketarako baldintza orokorrak. "Bere garaian lanketa sakona eskatu zuten eta aurreko baldintza berdinak mantentzen dira, aldaketa txiki batekin", azaldu zuen kultura zinegotzi Janire Lazkanok. "Hileroko kanona 200 eurokoa da, baina kopuru horretaz gain 25 euroko gehikuntza bat ezartzen dugu. Hori da matxura txiki bat egon zenean konturatu ginelako ur hornidurak bazituela akats batzuk eta estimazio bat eginda ikusten dugu 25 eurorekin beteko litzatekeela Udalak daukan zatia", agertu zuen. Urtebeteko esleipena egitea planteatzen da gehienez lau urtez urtero berritzeko aukerarekin.
Oposizioak galdetu zuen inork interesik agertu ote duen antzokiaren ustiaketarako, eta udal gobernuko ordezkariek erantzun zuten gerturatu dela jendea galdezka, eta ustiaketa proposamenik jasotzen bada mahai bat osatuko dela horiek aztertzeko. "Aurkezten ez bada hausnarketa prozesu sakon bat egin beharko da, baina printzipioz esleitzeko saiakera egingo dugu", adierazi zuen kultura zinegotziak.
Herrixa Dantzan urritik aurrera
Hain zuzen ere, Herrixa Dantzan ekimeneko saioak urrian hasiko dira, eta Espaloia kafe antzokian izango dute jarraipena. Udalbatzak aho batez hartu zuen ekintza hori babesteko Udalak Patxi Monterorekin duen lankidetza hitzarmena berritzeko erabakia.
Hitzarmena irailetik ekainera bitartekoa izango da aurrerantzean, eta ez orain arte moduan urtarriletik abendura bitartekoa. Diru kopuruari dagokionean 3.000 eurotik 1.500 eurora aldatzen da. "Udalak aurrerantzean zuzeneko musika saioak ordainduko ditu. Urtean hiru izango dira, eta gehienez 500 euro saioko", azaldu zuen Janire Lazkanok.
Bolatoki taberna
Jose Monterrosoren heriotzaren ostean familiak erabaki du Bolatoki tabernaren ustiaketarekin jarraitzea eta 2018ko maiatzaren 31ra arte indarrean dagoen kontratua haren emaztearen izenean jartzeko erabakia onartu zuen udalbatzak. Aurreko kontratuaren baldintza berdinak mantentzen dira. "Familiakoekin egon ginen eta azaldu ziguten bazutela asmoa negozioarekin jarraitzeko. Proposamena da esleipenak jarraitzen duen bitartean kontratua aldatzea oinordeko horien mesedetan", esan zuen Iraitz Lazkano alkateak bozketa egin aurretik. Aho batez hartu zuen erabakia udalbatzak.
Hileta zibilendako lekua San Roke ermitan
Maiatzean onartutako ordenantza batek jasotzen du hainbat espazio daudela Elgetan hileta zibilak egiteko. Horiek dira udal pilotalekua, Mendizaleen plaza, Domingo Iturbe plaza, frontoi zaharra, San Roke osteko plaza eta udaletxeko areto nagusia. Atzo egindako osoko bilkuran beste espazio bat gehitzea onartu zuten. "Nahiko genuke udal hilerrian dagoen San Roke ermitan hileta zibilak ospatu ahal izateko", esan zuen alkateak.
Proposamenak oposizioaren oniritzia izan zuen, baina Gu Geu Elgeta udal talde politikoko ordezkariek galdetu zuten ea ez ote zen neurri kontraesankorra. Alkateak erantzun zien eraikin hori udaletxearena dela. Barruan dauden kristau sinboloekin zer gerta daitekeen galdetuta Lazkanok esan zuen bateren batek eskatzen badu hileta zibila egiteko kristau sinboloak kentzeko kendu egin beharko direla, eraikina Udalarena delako. "Erabilera erabat erlijiosotik aparte uste dugu beste edozeinek daukala eskubidea han hileta katoliko bat egin daitekeen moduan beste modu bateko agur bat egiteko". Lazkanok esan zuen udal ordezkariak egonda daudela herriko parrokoarekin gaiari buruz hitz egiteko.
Kataluniari elkartasuna agertzeko bi mozio
Urriaren 1eko erreferenduma dela-eta Katalunian bizi den egoeraren harira mozio bana aurkeztu zuten atzokoan EH Bilduk eta Gu Geu Elgetak. EH Bilduko ordezkarien aldeko botoekin egin zuen aurrera lehenengoak. Oposizioa abstenitu egin zen.
Gu Geu Elgeta udal taldeko politikoak aurkeztutako mozioak udal ordezkari guztien aldeko botoak jaso zituen. Iraitz Lazkano alkateak, hori bai, zehaztu zuen EH Bilduren iritziz motz gelditzen zela. "Uste dut bai edo bai dela momentua esateko Kataluniako parlamentuan gehiengoz onartutako legea eta erreferenduma egiteko erabakia zilegiak eta demokratikoak direla. Ondo dagoela aipatu beharko genuke eta esan beharko genuke errespetatu egin behar dela bertatik ateratzen den emaitza nahiz eta Estatuko aparatu errepresiboek edozein modutan hori oztopatzen saiatu. Nik hori botatzen dut faltan zuek aurkeztutako mozioan. Gure planteamendua mozioak bateratzea zen ea posible zen puntu hori sartzea, baina horretan geldituko da".
Alkateak jakinarazi zuen Gure Esku Dago taldeak eskaera egin duela urriaren 1ean Estelada ipintzeko Mendizaleen plazan dagoen mastan.
Sendagilearen etxebizitza
Irailaren 15ean hartu zuen erretiroa 34 urtez Elgetako medikua izandako Joseba Iñaki Urgoitiak. Lanpostuarekin batera jaso zuen Udalaren jabetzakoa den etxebizitza batean bizi izateko aukera. Kontratu hori amaituta etxebizitza hori Udalaren erabilerakoa izatera pasako da berriz, baina udalbatzak epe hori 2017ko abenduaren 31ra arte luzatzeko erabakia hartu zuen Urgoitiak "etxea hustu eta behar den baldintzetan uzteko" denbora izan dezan. Hala, Mendizaleen plazan dagoen etxebizitza hori 2018ko urtarrilaren 1ean itzuliko da Udalaren erabilerakoa izatera.
Etorkizunera begira udal arduradunek argi dute gizarte-ongizatearekin lotutako erabilerara bideratuko dutela etxebizitza. Beharrak aztertu eta efizientzia bilatuz eguneko zentroko plazak handitzeko, edo etxebizitza tutelatua edo emergentziako etxea egiteko aukerak dituzte mahai gainean.