Mendi Mendia Racing-ekoak eskertuta zapatuan jasotako babesarekin

Herritarrak, plazan, Elgetako hiru pilotuen autoak ikusten.

Eskerrak eman dituzte zapatuan egindako jaian jasotako babesarengatik. Horrekin batera, gogor gaitzetsi dute gauean izandako gertaera. "Izandako giro ederra norbaitek modu horretan izorratu izana salatu nahi dugu", adierazi dute.

Pozik dira Mendi Mendia Racing taldekoak zapatuak emandakoarekin. "Balorazio positiboa egiten dugu antolatutako jaiaren inguruan. 75 lagun inguru elkartu ginen bazkaltzeko, eta giro ederrean pasa genuen Elgetako pilotuei laguntzeko egindako eguna. Eskerrak eman nahi dizkiegu bertaratutako guztiei, zuen laguntzarik gabe ezinezko izango zen", adierazi dute.
Asier Unzetabarrenetxea, Mikel Beretxinaga eta Oskar Sarasua dira auto lasterketetan ibiltzen diren hiru elgetarrak. Zapatuan nork bere autoa ipini zuen ikusgai herriko plazan. Unzetabarrenetxeak BMW e30 325i bat dauka; Beretxinagak, BMW e36 325i bat; eta Sarasuak, berriz, Opel Astra GSI bat. Adin guztietako herritarrak gerturatu ziren hiru ibilgailuak bertatik bertara ikustera; izan ere, horrelako aukera ez da egunero izaten.

Hamaiketakoa eta trikiti doinuarekin girotutako txikiteoa egin ostean, bazkaltzeko elkartu ziren 75 bat lagun kiroldegiko gimnasioan; izan ere, baba-jana zuten gertu antolatzaileek. Kirola ezagutzera ematea eta martxoan abiaraziko duten 2017ko denboraldiko gastuei aurre egiteko laguntza lortzea zuten helburu antolatzaileek. Elgetako hiru pilotuak R4 taldean lehiatuko dira aurten.

Gaueko gertaerarekin haserre

Mendi Mendia Racing taldekoak haserre agertu dira zapatu gauean izandako gertaera larriarekin eta gogor gaitzetsi dute; izan ere, 22:20 inguruan kafe antzoki pareko semaforoan geldituta zegoen ibilgailu bati plastikozko mahai bat etorri zitzaion gainera. Ez zen zauriturik egon, baina ikara handia eta autoaren txapan kalte materialak eragin zituen ezbeharrak. "Larunbatean izandako giro ederra norbaitek modu horretan izorratu izana salatu nahi dugu", esan dute. Gaineratu dute hurrengo egunean izan zutela gertatutakoaren berri eta gertaerak ez duela inolako zerikusirik egunaren antolakuntzarekin.

Elgetako Udalak ere gogor gaitzetsi du gertatutakoa.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.