Gaitzespen oharra zabaldu du Elgetako Udalak zapatu gauean izandako gertaera larriarekin lotuta. "Larunbat gauean semaforoan geldi zegoen auto baten kontra bost metro inguruko altueratik Espaloia Kafe Antzoki barruan gordeta zegoen mahai bat bota zuen norbaitek. Gertaera hau gogor salatzearekin batera, honakoa adierazi nahi du Elgetako Udalak:
- Kaltetuei elkartasuna eta behar dutenean laguntzeko gure prestutasuna adierazi nahi dizkiegu.
- Ez da inolaz ere onargarria jai giroa gaiztotuz elkarbizitza zapuztu eta ingurukoak arriskuan jartzea.
- Gertaera hauek argitzeko gure esku dagoena egingo dugu".
Ertzaintzatik jakinarazi dute jasota daukatela salaketa bat. Gertaerak zapatuko 22:20 inguruan jazo zirela adierazi dute. Kafe antzoki pareko semaforoan geldituta zegoen auto bati plastikozko mahaia bat etorri zitzaion gainera. Ez zen zauriturik egon bai ordea kalte material batzuk autoaren txapan. Gertaera ikertzen ari direla esan dute Ertzaintzatik.