Goizean goiz hasi da Mendi Mendi Racing festa Elgetan. Asier Unzetabarrenetxeak, Oskar Sarasuak eta Mikel Beretxinagak lehiatzeko erabiltzen dituzten autoak jarri dituzte Herriko Plazan, jendeak gertuagotik ezagutu ahal izateko, eta trikitixak eta panderoak animatuta jende ugari batu da inguruan.
Izan ere, aurten, Elgetako hiru pilotu hauek eta hiru kopilotuk parte hartuko dute martxoan abiatuko den rallyen, rallysprinten eta igoeren denboraldi berrian. Mendi Mendia Racing elkarteko kideek, Bergarako Gorla Racingekin elkarlanean lehiatuko dute, berriz ere.
Bazkaria kiroldegian egin dute, ostean, baba-jana antolatu baitu Mendi Mendia Racingek. Iluntzean, 20:00etan, DJ Elvis Cainok girotuko du festa gaztetxean.