Ainhoa Bernabe: "Udalak lekukotzak behar ditu Frankismoaren kontrako auzian kereila aurkezteko"

Larraitz Zeberio Lekuona 2017ko urt. 13a, 14:00

Elgetako Udalak astelehenean zabalduko du testigantzen bulegoa. Ahalik eta dokumentazio osatuena behar du kereila aurkezteko. Kultura eta turismo teknikari Ainhoa Bernabek artatuko ditu herritarrak.

Zein da Elgetako testigantzen bulegoaren xedea?  
Herrian gertatutako gizateriaren aurkako krimen guztiak salatzea da, eta horientzako egia, justizia eta erreparazioa eskatzea. Udalaren helburua herritarren interesak defenditzea da, eta kereila honen bitartez biktimei edo biktimen senitartekoei salaketak plazaratzeko aukera ematen zaie. Laburbilduz, bulegoaren helburua lekukotasunak jaso, txostena osatu eta erantzuleen aurka salaketa ipintzea da.

Zenbat izan daitezke Elgetan jaso daitezkeen lekukotasunak?  
Ditugun zerrendak frontean edo gerra ostean hildakoekin eta errepresaliatuekin osatuta daude. Dei berezia egiten diegu diktadurako 40 urteetan biktima izandako herritarrei. Gure datuen arabera frontean eta gerra ostean 25etik gora izan ziren hildako herritarrak eta beste 20 bat errepresaliatuak –atzerriratuak, espetxeratuak, isun ekonomikoak jasotakoak, lan behartuak jasandakoak...—. Herritarrei etxean entzundako kontuak kontatzea eskatzen diegu, armairuan dituzten paper zaharrak erakustea… Dena da baliozkoa.

Zer esango zenieke beraien historia oraindik kontatu ez dutenei?
Gertatutakoaren egia osoa ezagutaraztea biktimen eta biktimen senitartekoen esku dago. Gure memoria historikoa guk eraikiko badugu ezinbestekoa da gertatutakoen lekukotasunak ematea.  Badakigu gai oso sentikorra dela. Biktima askok ahaztu egin nahi izaten dute. Ziurtatzen dugu konfidentzialtasun eta sentsibilitate osoz jokatuko dugula. Kereilari gisa aurkezteko Udalak frogak behar ditu eta horretarako 1936ko uztailetik 1977ko ekainera bitarteko erailketak, bortxaketak, torturak, bahiketak, desjabetzak... jaso nahi ditugu. Eta dokumentazioa.  Zenbat eta testigantza eta dokumentazio zehatzagoak gero eta zailagoa egingo zaie kereila  errefusatzea.

Bada jada kereilaririk Elgetan?
Bai, bada familia elgetar bat Argentinako kereilan: Telleriatarrak.

Eta nola ematen da testigantza?
Gertatutakoaren kontaketa argia eta zehatza behar dugu norberak idatziz egindakoa edo guk hemen kamara batekin grabatutakoa. Gero, ahalik eta dokumentazio gehiago beharko genuke: atxiloketa datak eta tokiak, egondako kartzelak, zigorrak, errepresaliak, egindako gose grebak...Epaiketak egon badira haien berri  ahal dela epailearen izenarekin, torturen edo irainen datak eta tokiak, ondasun konfiskatuen berri, errepresio politikoak eragindako kaleratze laboralen datak eta tokiak, sumarioak, sententziak, isunak, kartzelaratze komunikazioak, indultuen ezezkoak, kondena betetzearen agiriak... Eta nortasun agiria aurkeztu behar da.

Ordaindu egin behar da?
Herritarrendako ez du inolako kostu ekonomikorik. Prozesu honek sortzen dituen gastuak ez dira handiak, eta Udalak hartuko ditu bere gain. Behin testigantzak jasota Udalari dagokio txostenak prestatzea eta epaitegietan aurkeztea.

Beste udalerri askok izan dute ekimen berdina?
Iruñan eta Gasteizen martxan daude dagoeneko. Iruñan 300 testigantza baino gehiago jaso dituzte. Badakigu etorriko direla gehiago: Gernika, Durango, Otxandio, Errenteria, Eibar… Elgeta da horrelako bulego bat irekitzen duen lehenengo herri txikia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak