Elgetan herritarren lekukotasunak eskatu dituzte Frankismoaren kontrako kereilan salaketa ipintzeko

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko abe. 9a, 15:00

Testigantzen bulegoa zabalduko du Udalak urtarrilaren 16tik otsailaren 17ra. "Biktima askoren lekukotasunak oraindik ere jaso gabe daude eta besteek beharrean guk geuk eraikitako memoria historikoa osatu nahi badugu lekukotasunak jasotzea nahitaezkoa da", adierazi dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformatik.

Uztailean egindako osoko bilkuran erabaki zuen aho batez Elgetako udabaltzak Frankismoaren aurka Argentinan zabalik dagoen kereilan kereilatzaile moduan aurkeztea. "Horrek esan gura du kereila hori osatzeko eta salaketa aurkezteko lekukotasunak jasotzea dagokigula orain", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak. "Pauso bat gehiago da. Urtez urte askotariko ekimenak antolatu ditugu: errekreazioa, bisita gidatuak, omenaldiak, memoria jardunaldiak... Arrakastatsuak izan dira eta balio izan dute gertatukoen berri emateko, sozializatzeko. Helburua, orain, Frankismo garaian Elgetan gertatutako giza eskubideen aurkako urraketak jasotzea da erantzuleen aurkako salaketa aurkezteko".

Biktimen edo horien senitartekoen lekukotasunak behar dituzte horretarako. Alkateak azaldu du Udalak baduela zerrenda bat nahiko luzea frontean hil zituzten herritarrena edo gerra ostean biktima izandakoena. "Gerra urteekin oso lotutako kasuak dira gehienbat, eta kereilarako denak dira baliagarriak baina ahalegin berri honetan dei egiten diegu baita ere diktadura urteetan biktima izandako herritarrei. Frankismoa 40 urtetik gorako garai beltza izan zen, eta epealdi luzeagoan gertatutako giza eskubideen aurkako urraketak ere jaso gura ditugu oraingoan", adierazi du Iraitz Lazkanok.

Lekukotasunen garrantzia

Frankismoaren Krimenen Aurkako Kereilaren Euskal Plataformatik garrantzitsutzat jo dute   Elgetako Udalak hartutako erabakia. "Herri honek egia guztiak ezagutu nahi baditu ezinbestekoa da bakoitzak bere lekukotasuna ematea", esan du plataformako kide den Goldatu elkarteko Josu Ibargutxik. "Biktima askoren lekukotasunak oraindik ere jaso gabe daude eta besteek beharrean guk geuk eraikitako memoria historikoa osatu nahi badugu lekukotasunak jasotzea nahitaezkoa da".

Prozedura

Testigantzen bulegoan 1936tik aurrera Elgetan gertatutako giza eskubideen aurkako urraketen inguruko lekukotasunak jasoko dituzte hilabete barru. Lekukoei eskatuko zaizkie nortasun agiria, gertatutakoaren inguruko kontakizuna egitea eta balego gertaera horien inguruko dokumentazio ahalik eta zehatzena. "Norberari gertatutakoa edo etxean entzundakoa kontatu behar da eta etxeko armairu guztiak arakatu behar dira ahalik eta dokumentazio gehien aurkezteko", azaldu du Ibargutxik. "Kereila honek ez du inolako gasturik suposatuko bultzatzaileak zein abokatuak boluntarioak garelako". 

---

Zein berrikuntza dakar ekimen honek?

Iraitz Lazkano - Elgetako alkatea

"Pauso bat gehiago da. Egia ezagutzeko bidean edozein ekarpen da balekoa. Dokumentatuta egonez gero sinisgarritasun handiagoa du. Testigantzak jaso, txostena osatu eta erantzuleen kontra salaketa ipintzea da helburua. Orain da momentua gertatutako gauzak kanpora ateratzeko".

Julia Monge - Intxorta 1937 kultur elkartea

"Balio juridikoa jasoko dute lekukotasunek. Omenaldi publikoak egin ditugu, baina biktima batzuk akaso nahiago dute instituzio baten aurrean lekukotasuna eman halako oihartzun publikoa izan gabe. Gainera, udal batek jasoko ditu eta beste entitate bat ematen dio horrek testigantzari".

Josu Ibargutxi - Goldatu elkartea

"Herri honen memoria historikoa eraikitzeaz ari garen heinean aukera handia da honakoa. Ardura ere bada neurri handi batean. Egia guztiak ezagutu nahi baditugu garrantzitsua da nork bere egia plazaratzea. Lekukotasunak ematera animatu nahi ditut herritarrak".

Erlazionatuak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak