Elgeta herri euskalduna da, baina euskararendako arnasgune sendoagoa zen orain urte batzuk. Horrekin ohartuta hainbat dira lanean diharduten eragileak eta martxan diren ekimenak. Topagunearen gidaritzapean Udalak eta Goibeko euskara elkarteak orain bi urte jarri zuten martxan Elgetan Berbetan mintza talde dinamika. Hiru taldetan banatuta hemezortzi lagun elkartzen dira astero mintzapraktika egiteko. Aipatzekoa da taldeetako bat gurasoz osatuta dagoela.
Udala, bestalde, Uemako kide da eta Jakinbai zein Badihardugu moduko ekimenak babesten ditu. Euskara zinegotzi Janire Lazkanok azaldu du 2017ko aurrekontuan euskara ikasten ari diren herritarrendako diru-laguntza lerroa handitzea nahi dutela. Diru-lerro hori, egun, 600 eurokoa da eta azken urteetan guztia banatu izan dute. "Ekainean egingo dugu hurrengo deialdia eta interesatuek hilabeteko epea izango dute eskaera egiteko".
Arnasgune tailerrak
Hurrengo urtera begira gurasoendako zein umeendako arnasgune tailerrak iragarri ditu udal arduradunak. "Uematik dator proposamena eta hiru orduko saioak izango dira. Aurreikuspena da urtarrilean egitea". Tailer horien helburua da udalerri euskaldunetako herritarrak sentsibilizatzea eta ahalmentzea arnasguneen garrantziaz ohar daitezen hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egin dezaten.
Aisa harrera taldeak ez du aurten aurrera egin. Ikastaro hori online egiteko aukera egonik Elgetan eskaintzeko saiakera egingo dute udal ordezkariek.
Euskara elkartetik ere lanean
Elgetako Goibeko Euskaltzaleen Topagunean uste dute abenduaren 3a ospatzeko eguna dela, eta garrantzitsua. "Euskaraz dihardugunean utzi behar diogu gauza abstraktu bat bailitzan berba egiteari. Batzuetan altxor bat dela, zaharra dela, Europako zaharrena dela... Baina bereziki eta garrantzitsuena da gure komunikatzeko eta izateko modua dela da. Euskaldunak eta euskaltzaleak dira egun honetako protagonista, hizkuntzaren beraren gainetik. Horregatik du garrantzia egun honek, euskaraz gain euskaltzaleak jartzen direlako erdigunean". Gaineratu dute badirela urte batzuk elkartetik Euskarak 365 egun ari direla aldarrikatzen. "Esan genezake, gainera, 2018ari begira dihardugula lanean. 2017an zehar emango dugu horren berri".
Goibekon sinistuta daude egun hauek garrantzitsuak direla diskurtsoak-eta atzean utzi eta ekintzara pasatzen bagara. "Batzuk berba eginez, beste batzuk ulertuz, beste batzuk euskarari bidea utziz jakin ez arren... Euskarak behar du plazan izan, goiko eta beheko kaleetan. Egunero behar dugu euskaraz bizi. Adierazpenetara zuzenduago dauden egun hauek, abenduaren 3a modukoek, horretarako balio dute: gainontzeko 364 egun ditugula aldarrikatzeko kaleak euskara doinuz zipriztin daitezen".
Eskola diagnostikoa egiten
Herri Eskolan ere egun berezia izango da gaurkoa. Goizean Euskaraz bizi nahi dut margotuko dute ikastetxe ondoko aparkalekuan, eta 11:00ak aldera soka saltoan, kasu-kasu jolasean edo zapiaren jolasean aritu dira. 15:00etan eskolako sarreran elkartzeko dei egin dute. "Gelaz gela, talde bakoitzak bere leloa eta argazkia erakutsiko dizkie besteei. Jarraian denok batera Txantxangorria eta Euskaraz bizi nahi dut kantuak abestuko ditugu", azaldu dute zuzendaritzatik.
Ikasturterako euskararekin lotutako bestelako egitasmoak ere badituzte ikastetxean, horien artean Hizkuntza Proiektuaren lanketa. "Aurten sentsibilizazio eta diagnostiko faseak lantzea aurreikusten dugu", jakinarazi dute zuzendaritzatik. "Lehenengo fasean hainbat bideo eta artikulu erabiliko ditugu errekurtso bezala eta hausnarketa egingo dugu. Diagnostiko fasea lantzeko eskola komunitate osoari —gurasoei, ikasleei, irakasleei— galdeketak pasako dizkiegu eta gero ondorioak jasoko ditugu".
Eskolan aurreikusten dute euskararen diagnostikoaren emaitzak esku artean edukitzea ikasturte amaierarako. "Lan hori aurrera eramateko Eibarko Berritzegunearen laguntza izango dugu. Hilean behin mintegia
-----
Garrantzitsuak dira Euskararen Eguna moduko ekintzak? Zergatik?
Janire Lazkano - euskara zinegotzia
"Oso, egin eta eragindako aurrerapausoez hausnartzen dugulako. Egun hau ez litzateke euskararen egun urtean zehar euskara hauspotzeko lan eta politikak ez balira aurrera eramango. Elkarlanari esker aurrera goaz eta pausoak ematen jarraitzeko konpromisoa hartzen dugula esateko eguna da".
Saioa Alberdi - Maala Guraso elkartea
"Maala guraso elkarteak urtero hartzen du parte Euskararen Eguneko ospakizunetan. Aurten ere txokolate-jana eskainiko dugu. Garrantzitsua da Euskararen Eguna ospatzea garrantzitsua den moduan urte osoan zehar egiten diren ekintzetan euskarari dagokion presentzia ematea".
Ainara iribar - Goibeko euskara elkartea
"Euskararen Egunak garrantzia du pertsonok garrantzia dugulako. Euskara da, ezer bada, euskaldun bat dagoelako. Abenduaren 3ak balio digu gogorarazteko egunero dela gure eguna. Egunero-egunero gura dugu euskaraz izatea gure herria. Herriko pertsonon arteko elkarbizitza euskaratik egitea".
Marta Torres - Elgetan Berbetan
"Garrantzi handia daukatela iruditzen zait euskara bultzatu behar dugulako eta herritarrak euskaraz berba egitera gonbidatzen gaituztelako. Egun hori ospatuz euskararen erabilerari ere indarra ematen zaio, eta beharrezkoa ikusten dut. Euskara hor dagoela gogorazten digu egun honek".