Euskararen Eguna ez da Elgetan oharkabean pasako. Biharko eta etzirako (abenduak 2 eta 3) hainbat ekintza daude iragarrita. Guztiak dira garrantzitsuak, baina berria delako eta herritarren parte hartze berezia eskatzen duelako aipamen berezia merezi du zapatu eguerdiko herri lasterketak. Hasieratik amaierara lekuko bat ibiliko da eskuz esku, eta herriko talde eta eragile askoren parte hartzea izango duelakoan daude antolatzaileak. "Ibilbidea motza izango da eta ez du zailtasun berezirik izango abiadura neurtua eramango baitu guztiok parte hartzeko moduan", esan dute euskara batzordetik.
Lasterketa 11:30ean abiatuko da Mendizaleen Plazatik. Parte-hartzaileak 11:15ean elkartuko dira lekuko aldaketak zehazteko. Herritarrei dei egin diete lasterketa horretan parte hartuz euskararen aldeko pausoa emateko. Amaitutakoan puzzle erraldoi bat egingo dute plazan 365 egun! leloa irudikatuko duena.
Lasterketa zapatuan izango da. Bihar, barikua, txokolate-jana eskainiko du guraso elkartean 16:00etan eta ipuin kontalari saio berezia izango da udal liburutegian familia osoarendako. Euskal Herriko kondairak eskainiko ditu Alabazan taldeko Begoñak 17:00etan. Horrekin batera, 16:00etatik 19:00etara Euskaraz bizi nahi dut materialaren salmenta izango da buztin gelan.
Eskolan ere egun berezia
Herri Eskolan ere egun berezia izango da biharkoa. Goizean Euskaraz bizi nahi dut margotuko dute ikastetxe ondoko aparkalekuan, eta 11:00ak aldera soka saltoan, kasu-kasu jolasean edo zapiaren jolasean aritu dira. 15:00etan eskolako sarreran elkartzeko dei egin dute. "Gelaz gela, talde bakoitzak bere leloa eta argazkia erakutsiko dizkie besteei. Jarraian denok batera Txantxangorria eta Euskaraz bizi nahi dut kantuak abestuko ditugu", azaldu dute zuzendaritzatik.