Elgetako Udalak bere horretan mantenduko ditu udal zerga eta tasa gehienak 2017an

Larraitz Zeberio 2016ko urr. 26a, 15:22

Atzo onartu zituen Elgetako udalbatzak 2017ko ordenantza fiskalak. Orokorrean mantendu egingo dituzte udal tasa eta zerga gehienak. Oposizioa abstenitu egin da. Ohiko egoitza ez diren etxebizitzen gaineko %100eko errekargua da desadostasuna horren iturria.

Elgetako udalbatzak atzo egin zuen 2017ko ordenantza fiskalak onartzeko osoko bilkura, eta orokorrean bere horretan mantenduko dituzte udal zergak eta tasak. Salbuespenen artean aurkitzen da hondakinak jasotzeko eta kudeatzeko tasa; izan ere, 2017an %5 igoko du Udalak. Igoera horrekin ohiko etxebizitza batek, urtean, 110,18 euro ordainduko ditu. Baserriei, aldiz, hobari handiagoa aplikatuko zaie. Orain arteko %25 zen hobaria. 2017atik aurrera %50 izango da.

Balio katastralen berrikuspenak ere aldaketak ekarriko ditu Udalak aplikatuko dituen tipoetan. Iraitz Lazkano alkateak azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako berrikuspenaren ondotik %20 jaitsi dela Elgetako lur eta eraikin industrialen balioa eta %1,5 hiri lur eta eraikinen balioa. Udalaren asmoa da zerga horri dagokion diru-bilketa ez jaisteko tipoak handitzea. Jabeek jakinarazpena jasoko dute etxean, honezkero jaso ez badute.

Igo egingo diren tasen artean dago udal hilerriko zerbitzua. 10 euro igoko da. Alkateak jakinarazi du gaur egungo tasarekin ez direla gastuak inondik inora estaltzen.

Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zergari dagokionean potentzia fiskalaren araberako tipo bat ezarriko dute 2017tik aurrera. Bestela esanda, zenbat eta potentzia fiskal handiagoa gero eta tipo fiskal handiagoa. Bestetik, eta 25 urtetik gorakoak diren ibilgailuen kasuan arautegi orokorrarekin funtzionatuko du aurrerantzean Udalak. %100eko hobaria jabeak eskatu beharko du, ez du Udalak ofizioz aplikatuko.

Bi zerga berri ere jaso dituzte ordenantzetan. Etxebizitza bakoitzeko ematen den lehen erabilerako baimena 50 eurokoa izango da. Eta jarduera pribatu baterako eskatzen den udal tresneriaren alokairua kobratu egingo da. Aulkiak, orain arte moduan, 0,50 euro eguneko eta aulkiko, eta mahaiak bi euro eguneko eta mahaiko.

Eraikuntza obren gaineko zergari, berriz, bi hobari gehitu dizkiote eraikinen ikuskapen teknikoarekin lotutako obrak egiteko.

Udal gobernu taldearen aldeko botoekin onartu dituzte udal ordenantzak. Oposizioa abstenitu egin da. Arrazoia, ohiko egoitza ez diren etxebizitzen gaineko %100eko errekargua izan da. Gaiak eztabaida sortu zuen atzoko osoko bilkuran.

Oposizioak datu zehatzak eskatu zituen errekarguak etxebizitzen merkaturatzean izan duen benetako eragina neurtzeko, eta alde biak ados jarri ziren etxebizitza politika integral bat eskatzen duela egoerak.

Udal batzarreko gainerako puntuak aho batez onartu zituen udalbatzak. Eguneko zentroarekin lotuta Foru Aldundiaren eta Udalaren arteko lankidetza hitzarmena ontzat ematea, erroldako datuetara sarrera emateko Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena sinatzea edo Ondasun Higiezinen Zerga ordaintzeko diru laguntzen ordenantza onartzea.

Zinegotzi karguari uko

Osoko bilkuraren amaieran EH Bildutik udalbatzako kide izan den Agurtzane Alkalderen uko egitearen berri eman zuten. Lan arazoak eta arazo pertsonalak medio utzi egingo du zinegotzi kargua, eta horrekin batera ongizate eta edadetuen batzordeko ardura. Hauteskunde zerrendan hurrengo aurkeztutako Mirari Larrañaga proposatuko du EH Bilduk kargu horiek betetzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak