Elgetako Goibeko elkarteko kideek euskarak kalean duen erabilera gero eta makalagoa zela nabaritu zuten. Eskola edo lanean erabiltzen den arren, leku formal horietatik kanpo gutxiago hitz egiten zela ondorioztatu zuten. Beraz, zerbait egin behar zela ikusirik, Euskaltzaleen Eguna antolatzea erabaki zuten. Festa giroa eta herritarren parte hartzea baliatuz, euskararen erabilera areagotzeko jaialdia, hain zuzen.
Umeentzako puzgarriekin eta janariz eta edariz betetako txosnekin Elgetako plazako girotzen hasi da, eta 12:15 bueltan hasi dira Euskararen soka prestatzeko lanak. Metro bateko soka zatiak elkarrekin lotuz, Herriko Plazatik eskolarainoko giza katea sortu dute, eskutik esku mezu bat zeraman uztai bat pasatzeko.
Urte askoan zehar eskolako irakasle izandako Lupe eta Goibeko elkarteko presidentea den Ainara Iribar izan dira uztaia pasatzen lehenak, eta honek poliki poliki plazara heltzeko bidea egin du. Behin plazara heltzean, barraskilo moduko bat egin dute sokarekin eta ondoren uztaiak zeraman mezua irakurri dute. Euskara leku formaletan erabiltzeaz gain, eguneroko bizitzan erabiltzeko deia egin dute, bai euskaldunei eta baita euskaraz ez dakiten famili zein etorkinei.
Azkenean, Arrasateko gaiteroak gogotsu zeudela ikusita, Larrain dantza egin dute ekitaldiari amaiera emateko. Euskaltzaleen eguna borobiltzeko herri bazkaria egingo dute eta, azkenik, Egan taldearen erromeriarekin bukatuko dute jaialdia.