Kalte-ordainei aurre egiteko Kutxabank finantza entitatearekin duen zorra berfinantzatuko du Elgetako Udalak

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko ira. 14a, 12:40

Bi kalte-ordain garrantzitsu ordaindu behar ditu Elgetako Udalak hurrengo urteetan, eta Kutxabank finantza entitatearekin duen zorra epekatuko du ordainketa horiei aurre egin ahal izateko. Udalbatzak aho batez onartu du ordainketa epea hamalau urtera zabalduko duen proposamena, euriborra + %1,41 interes mailarekin.

Bi kalte-ordain tarteko Elgetako Udalak milioi bat eta bostehun bat mila euroko ordainketa egin behar du bederatzi urteko epean. Horri gehitu behar zaio sei mailegutan banatuta Kutxabank finantza entitatearekin Udalak daukan 564.841 euroko zorra.

Udal gobernuaren iritziz Udalak nekez egin ahal die aurre ordainketa guztiei, eta proposatu du Kutxabank entitatearekin dagoen udal zorra berriz finantzatzea. Proposamena da sei maileguak bateratzea eta ordainketa epea hamalau urtera zabaltzea (euriborra + %1,41 interes mailarekin). Kalte-ordainak ordaindu behar diren urteetan maileguaren amortizazioa txikiagoa izango da, eta handitzen joango da behin kalte-ordainen ordainketa amaitu ostean.

"Halako finantzazio berririk egingo ez bagenu eta aurreikuspenen arabera hurrengo urtean hasi beharko bagenu beste kalte-ordain bat ordaintzen (...) urteko ordaindu beharreko kopuruak izan beharko ziren 342.000, 335.000, 334.000 euro... Dira kopuru batzuk udaletxeak bere gain hartu ezin dituenak", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Udalbatzak aho batez hartu du finantzazio plan berria onartzeko erabakia. Oposizioaren oniritziarekin, beraz. Gu Geu Elgeta plataformako kideen kezka da zertan izango diren udal finantza kontuak ordainketa epealdiaren azken urteetan, hau da 2026tik 2029ra.

"Epearen amaieran, amortizaziorako hainbeste diru behar denean ze malgutasun egongo da gastuetarako? Ordurako hainbat ordainketa eginda egongo dira, ezta?", galdetu zuen Gu Geu plataformako Eduardo Zubiaurrek. Baiezko erantzun zuen alkateak. Iraitz Lazkano alkateak gaineratu du, ordea, malgutasun oso txikia izango dela. "Finantzazio proposamen berriak ez du esan nahi gastuetarako dirurik izango dugunik, kalte-ordainak ordaintzeko nahikoa izango dugula baizik. Urterik gogorrenak 2019ra artekoak izango dira, agintaldi hau hain zuzen. 2020tik aurrera amortizatu beharreko kopuruak normalizatuko dira, urtean 170.000 eurotik jaitsiz".

Finantzazio proposamen berriak ekarriko ditu bestelako aldaketak ere. Aurten amortizazioetarako bideratutako 38.000 euro inbertsioetarako izan daitezke, esaterako. Datorren urtean 78.000 euro izango dira, 2018an 71.000 euro, 2019an 70.000 euro, eta 2020an 66.000 euro.

Kreditu kontu berria

Atzoko osoko bilkuran kreditu kontu bat kontratatzeko akordioa ere onartu zuen udalbatzak. Kasu honetan Udalak izan ditzakeen altxortegi desorekei aurre egiteko.

"Badaude une jakin batzuk, horien artean kalte-ordainen ordainketak. Azkenean kopuru oso garrantzitsuak dira eta altxortegian desoreka nahikotxo sortzen dute. Diruzainarekin aipatu genuen kontua eta nahiko beharrezkoa ikusten zen epe motzerako halako mailegu bat eskatzea behar denerako diru hori edukitzeko", esan zuen alkateak.

110.000 euroko kreditu kontua kontratatuko du Udalak Kutxabank-ekin. Interes tasa izango da Euribor + %0,58. Altxortegi arazoak sortuz gero erabiliko du Udalak, eta hiru urtero berritu daitekeen produktua da.

"Kezkatzen nauena da nahiko sistematikoa dela udaletxe honetan horrelako operazioak egitea. Oraingoan gauza puntuala dela pentsatzen dut, kalte-ordainak ordaintzeko... Justifikatuta egon daiteke", esan zuen Gu Geu Elgeta plataformako bozeramaile Mikel Larreak. 

Aldeko botoa eman zuen kasu honetan ere oposizioak.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak