Ferixa Nagusiko jaietan agertutako pintaketa arrazistak salatzeko, eta herritar talde batek deituta, elkarretaratzea egin dute gaur iluntzean Elgetan. Hogeita bost bat lagun elkartu dira Herriko Plazan eta hamabost minutuko elkarretaratze isila egin dute Arrazakeriari ez! zioen pankartaren atzean.
Elkarretaratzea amaitutakoan Janire Lazkano zinegotziak hartu du hitza, eta Udalaren izenean jakinarazi du bilera bat egin dutela asteon pintaketen egileekin haiek horrela eskatuta. Egiletza aitortu, damua agertu eta barkamena eskatu dutela esan du Lazkanok. "Azaldu dute ez zela euren asmoa mezu arrazistarik zabaltzea. Amorru egoera batean egindako pintaketak direla, eta gaizki eginda dagoela. Barkamena eskatu dute".
Janire Lazkanok gehitu du hurrengo astean pintaketak ezabatzeko auzolanerako deia egingo duela Udalak, eta animatu ditu herritarrak bertan parte hartzera. "Egon da pintaketak ezabatzeko saiakera bat, baina ikusi egiten dira oraindik. Guztiz kentzeko auzolanerako deialdia egingo du Udalak".
Elkartutakoek txaloekin eman diote amaiera elkarretaratzeari.