Elgetako errefusean aurkitzen den hondakinaren % 62,53 berreskuragarria da

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mai. 24a, 10:03

Aste Berdean egindako karakterizazio ariketa, Elgetako herriko plazan.

Herriko hainbat gunetako errefusaren edukiontzietatik hartutako 240 litroko lagin bat karakterizatu dute. Emaitzek erakusten dute gaikako bilketan badagoela oraindik ere zer hobetu.

Herritarrak sentsibilizatzea zen karakterizazio ariketaren helburu nagusia. Herriko plazan egin zuten Vermican enpresako langileek maiatzaren 15ean Elgetako Udalaren eta Elgeta Zero Zabor taldeko kideen laguntzarekin. "Laginketa honetarako, gune ezberdinetako errefusaren edukiontzietatik, ausaz, poltsak hartu dira. Guztira, 240 litro", azaldu dute. "Bolumenaren eta pisuaren datuak lortu dira".

Lagin horretan 15,015 kg errefusa aurkitu dute, tartean 12,705 kg pardel. Gainerakoa, %62,53 gaika biltzeko hondakinak ziren. Botilak (0,525 kg), arropak (0,975 kg), elektrikoak (1,505 kg), ontzi arinak (4,104 kg), organikoa (11,20 kg), beira (0,265 kg) eta papera eta kartoia (6,485 kg).



Grafikoa: Hondakin frakzioen bolumenaren portzentaiak. (iturria: Vermican)

 

Ondorio orokorrak

Karakterizazioa egin ostean Vermican enpresako teknikariek Elgetako Udalari aurkeztutako txostenean jasotakoaren arabera:

-    Errefusaren edukiontziko frakzio nagusiena errefusa da, %37,47 inguru.
-    Errefusaren zati handi bat, pardelek osatzen dute, guztizko errefusaren %85 inguru.  Karakterizatu den hondakin guztien %32 inguru dira pardelak.
-    Organiko kantitate garrantzitsua ateratzen da, %27,95. Hondakin organikoen kudeaketan hobetzeko aukera garrantzitsuak daudela adierazten digu datu honek.
-    Bereziki deigarria da karakterizatu den paper eta kartoi kantitate handia, %16,18a. Papera eta kartoia baitira, beirarekin batera gaika gehien biltzen diren materialak. Paper eta kartoi gehiena, poltsa handi beretik zetorrela ikusita, sortzaile bereziren baten eragin izan daitekeela pentsa daiteke (elkarte, jatetxe,etab.).
-    Karakterizatu den materia organikoaren zati garrantzitsu bat sortzaile handietatik (elkarte, jatetxe...) eratorritakoa dela pentsatzen da (poltsa motagatik eta hondakin kopuruagatik). Sortzaile hauei begirako ekimenak burutzea interesgarria litzateke.
-    Aurkitu diren beste gai birziklagarrien kantitateak, oraindik orain, nahikoa garrantzitsua  izaten jarraitzen du, batez ere ontzi arinei dagokienean. Etorkizunera begira, ontzi arinen sailkapenak sor ditzakeen zailtasun eta zalantzak argitzea komenigarria litzateke.
-    Oso beira gutxi karakterizatu da, %0,67a. Frakzio hau ongi bereizten dela adierazten digu honek. Gaika biltzen denbora gehien daraman frakzioa ere berau da.

Gaikako bilketa, azken datuak

Debagoieneko Mankomunitateak eman ditu herriz herriko azken bilketa datuak. Martxoan, Elgetan, hondakinen % 78,42 bildu zen gaika. Urtarriletik martxorako datua da %79,03.

Erlazionatuak

Hondakinen karakterizazio Elgetan

Larraitz Zeberio Lekuona 2016 mai 24 Elgeta

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak