Alkateak azaldu du udal gobernu berriak denbora eskaini diola udalak dituen kontratuak berrikusten besteak beste beharrezkoak ez diren gastuak murrizteko. Aipatu du baita ere ahalegin berezia egiten ari direla udal kudeaketaren gaineko informazioa herritarren esku ipintzen, gehienbat udal webgunearen bitartez.
Egoera ekonomikoa kritikoa izanda ere Udalak baditu zenbait egitasmo mahai gainean. Bi aipatu ditu epe motzean egiteko: bata, bolatokian dagoen kanpoko kantxan gutxieneko segurtasun neurriak hartzea, eta bestea argiteria publikoan LEDera pasatzeko lehenengo pausoak ematea.
Lazkano gustura agertu da Danon Artean Danon Herrixa parte hartze prozesuak emandakoarekin, Erresistentzia Egunak eta ondorioz Intxortako Ibilbide Tematikoak izandako oihartzunarekin, edo euskara sustatzeko helburuarekin martxan ipinitako mintzapraktika taldeek zein Aisa harrera ikastaroak jasotako erantzunarekin.
Hiri hondakinen kudeaketa ere bide onetik doa Elgeta: sailkatze tasa %78 ingurukoa da. Baina alkatearen esanetan badago zer hobetu. Berriki egindako ariketa batek erakutsi du errefusaren edukiontzira elgetarrek botatzen duten hondakinen %38 soilik dela benetan errefusa. Garrantzitsua da hobeto bereizteko ahalegina egitea.
Itxita dagoen Espaloia kafe antzokiari buruz Elgetako alkateak esan du herritarrekin batera aztertu gura dutela kudeaketa eredu egokiena zein izan daitekeen, eta antzeko hainbat esperientziaren berri jasotzeko mahai inguruan antolatzen ari direla ekainaren erdi alderako. Zaila ikusten du antzokia Ferixa Nagusiko jaietarako zabalik egotea.
Jaiekin lotuta alkateak esan du lotuta daudela ekintza gehienak, eta entzule batek asto karreraren inguruan egindako galderari erantzuna emanez argi hitz egin du. Udalak ez du, aurten, asto karrerarik antolatuko.
Beste herritar batek egindako galderari erantzuna emanez alkateak esan du kanpainan agindutako pertsona nagusiendako kanpoko gimnasioa egiteko asmoarekin jarraitzen dutela.