Nekazaritza ekologikoaren alde egiten du Joseba Sanchezek. "Ekologikoan lurra ongarritzen da, eta nekazaritza konbentzionalean landarea ongarritzen da", azaldu zuen atzo Elgetan. "Ikasi behar dugu lurra ezagutzen eta errespetatzen. Luzera gehiago produzitzea lortuko genuke, eta aldaketa klimatikoaren eragina gutxitu egingo genuke".
Vermican enpresako teknikariak gogoratu du munduko biztanleriaren erdiak ekologikoan sortzen dituela kontsumitzen dituen jakiak. "Gurean, saltzen den produkzioaren %2 soilik da ekologikoan sortua. Jendeak ekologikoa eskatuko balu prezioak jaitsi egingo ziren eta areagotu egingo litzateke nekazaritza mota hori". Sanchezek gezurtatu egin du nekazaritza ekologikoak produkzio mugatua duenik.
Nekazaritza ekologikoa, modu asko
Nekazaritza ekologikoa egiteko modu asko dago, eta lau azaldu zituen atzo adituak: nekazaritza biodinamikoa, nekazaritza naturala edo fukuoka (Japonian), nekazaritza sinergikoa eta permakultura nekazaritza.
Bertako landarea lehenesteko gomendioa egin zuen: "Erresistenteagoa da eta ongarri gutxiago behar ditu", esan zuen. Eta biodibertsitate orekatua aldarrikatu zuen monolaborantzak lurra ahultzen duela argudiatuta. "Guk pobretu dugu lurra", esan zuen.
Aholkuak eman zituen naturaren zikloak errespetatzeko, ekologikoak izanda ere ongarrien erabilera neurtzeko eta ortuan landareen produkzioa txandakatzeko.