Kartel berriak Elgetako hainbat gunetan jabeek txakur kaka batu dezaten

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko mar. 9a, 15:41

Ez da kontu berria, baina orain arteko kontzientziazio kanpainek ez dute emaitzarik lortu. Udalak kartel berriak ipini ditu txakur jabeei duten ardura gogora ekartzeko.

Gero eta herritar gehiago dira kexu. Elgetan ere herriko kaleak eta batez ere berdeguneak txakur kakarekin beteta daude eta egoera onartezina da askorendako.

Udalak erabaki du txakur jabeei zuzenduriko kartel berriak ipintzea leku gatazkatsuenak. Bolatoki inguruan, Domingo Iturbe kalean, Torrealdean eta orokorrean berdegune handienetan. "Gero eta txakur gehiago dago eta herritarren partetik eta eduki ditugu halako kexa edo eskaera batzuk eta badaude bereziki puntu batzuk non arazo gehien egoten den, bai kalean eta bai parkeetan. Badaude edukiontzi bereziak txakurren kakak botatzeko, poltsak erostea ez da ezer kostatzen. Mesedez eskatzen dugu nork bere ardura hori bete dezan. Ez dela ezer kostatzen eta denondako egokiago dela.  Txakurrak dauzkagunondako ere mesede izango dela beste txakur jabe batzuk ardura hori betetzen badute", adierazi du Iraitz Lazkano alkateak.

Kartelak kalean

Udal brigadako langileak egunotan ari dira kartel berriak ipintzen. San Roke kalean, Salbador kalean, Torrealdean eta Domingo Iturbe kalean badaude honezkero. Zaila da bestelako neurririk hartzea. Udalak daukan txakurren errolda ere ez da oso zehatza.

"Txakurrena baino txakur jabeen errolda bat dago. Badakigu Elgetan zenbat txakur dauden baina horiek dira txipa duten txakurrak edo ofizialki erregistratuta daudenak. Gertatzen dena da txakur asko ez daudela Elgetan. Jabeak Elgetan egonagatik ez du esan gura txakurrak Elgetan daudenik. Izan daitezke ehiza txakurrak edo kalean ibiltzen ez direnak...", esan du Lazkanok. "Azkenean neurriak hartzea nahiko nekeza. Horregatik abiarazi dugu kanpaina bat jendea kontzientziatzeko nork bere txakurraren kakak biltzea norberaren ardura dela. Eta, mesedez, errefusara botatzeko hori dela beretokia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak