Ainara Iribar: "Euskararik onena egiten dena da eta animatu behar dugu jendea horretara"

Larraitz Zeberio Lekuona 2016ko urt. 15a, 10:00

Goibeko Euskaltzaleon Topaguneko presidente berria da Iribar. Hamar urtean Espaloia kafe antzokia kudeatu ostean ziklo berri baten atarian da Elgetako euskara elkartea.

Elgetako euskara elkarteak 225 bazkide ditu egun. Ziklo berri baten hasiera iragarri dute talde eragiletik, eta Ainara Iribar aukeratu dute presidente.

Presidente berria, ideia berriak?
Orain arte Espaloia kafe antzokiaren kudeaketa izan bada ere elkartearen zeregin nagusia, aurrerantzean euskararekin lotutako gaiak lantzea gura dugu nahiz eta kultura gaiak ere lantzeko modua izango dugun.

Zeintzuk izango dira etapa berri honetan lan ildo nagusiak?
Azken batzarrean komentatu ziren hainbat lan ildo eta baita aurrekontu bati lotu ere. Aurrekontu horrek erakundeetatik izango duen babesaren zain gaude, baina gura genuke autobusak antolatzea Herri Urrats eta Nafarroa Oinez jaietara, euskaltzaleen jai bat antolatzea urtero, Elgetan Berbetan egitasmoa babestea, ekitaldi kulturalen bat edo beste antolatzea, Euskararen Egunean agente aktibo izatea... Ez dugu demaseko martxa izango, ez da hori helburua. Egin ahal duguna egingo dugu egiteko prest dagoen jendea gerturatu ahala.

Euskara, beraz, lan ildo nagusi.
Bai. Baina ez gara hasiko erreferentzial izango den mugimendu bat sortzen Espaloiarekin egin genuen moduan. Ekintzak egingo baditugu, puntualak izango dira eta baloratuko dugu beste agente batzuekin batera lan egitea. Eta euskaldunak izango dira bakarrik ardatz? Ez. Euskaltzaleak. Euskaldunak noski, baina baita ingurukoak ere. Denok gara garrantzitsuak.
Eta jarraituko dugu Goiena babesten eta bertako jabekide izanda Goibekoko bazkideek sei euro merkeago jasotzen dute PUNTUA horregatik. Topaguneko parte ere bagara... Horiek ez ditugu utziko.

Nola ikusten duzue euskara herrian?
Ez dugu pesimista jarri behar. Arnasgunea da euskararentzat Elgeta. Hala ere, egia da erabilera jaitsi dela guk nahi baino gehiago, eta kalitatea ere... Elkartetik eskaera egiten diogu gurasoei bereziki ez esateko umeei euskaraz egin dezaten (baita), baizik eta beraiek izan daitezen eredu umeendako. Euskararik onena egiten dena da eta animatu behar dugu jendea horretara.

Izena ere aldatu diozue elkarteari.
Bai. Topagunearen barruko elkarte bat gara. Han egin da hausnarketa serioa eta euskararen diskurtsoa lantzeaz gain marraztu dira hainbat ekintza ere. Euskararen Egunean, esaterako, Topagunearen bitartez etorri ziren testu ederrak, materiala... Hori dena aprobetxatu behar du Goibekok, eta Goibekoren bidez herriak. Elkartearen izena azkenengo batzarraz geroztik da: Elgetako Goibeko Euskaltzaleen Topagunea. Luzea, baina 2016ko izatea hobeto jasotzen duena.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak