Elgetako Udal Gobernuak arduraz hartu ditu oposizioak egindako azken adierazpenak

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko abe. 21a, 11:51

Herritarren artean nahasmena sortzeko helburuarekin egindako adierazpenak direla diote, eta ez dela bidezkoa egia erdiak eta gezurrak esatea. Gu Geu Elgeta talde politikoari dei egiten diete "alderdikeriatik egindako kritika hutsalak albo batera utzi eta elgetarren alde lan egiteko".

Udal Gobernuak hainbat azalpen eman ditu Gu Geu Elgetak egindako azken adierazpenen ondotik. "Horren gai serioarekin herritarrei egia erdiak eta gezurrak esatea ez da bidezkoa", adierazi dute.

"Udalak duen arazo ekonomikoa ez da zor biziari —banketxeei eskatutako maileguak— lotutakoa soilik", argitu dute. "Horrez gain, Olalde aparejadore ohiarekin izandako auziagatik ordaindu beharreko dirutza dago. Orain artean ordaindu beharreko dirutza bost urtean ordaintzekoa zen. Gure kabuz ezin luza ditzakegu epe horiek beste mailegu bat eskatu gabe eta Udala gehiago zorpetu gabe", adierazi dute. "Dirutza horri bigarren epaiaren ondorioz ordaindu beharko duguna gehitu behar zaio. Kopuru zehatza jakinarazitakoan Gizarte Segurantzarekin negoziatuko dugu ordainketa modua, eta noski, Udalarentzat ordainketa modurik egokiena defendatuko dugu", jakinarazi dute.

Etorkizuneko inbertsioak

EH Bildutik adierazi dute Udal Gobernuak ez dituela inbertsioak gelditu, inbertsioei lehentasunak markatu baizik. "Oposizioak lehentasunezko jotzen dituen inbertsio horiek, EH Bilduk hauteskunde programan jarritakoak dira, eta isla dute aurrekontuan. Herritarrei gezurra esatea ez da bidezkoa. Aurrekontu proposamenean kantxako zorua berritzeko diru lerro bat aurreikusita dago, lehentasunezko gaia baita suposatzen duen arriskuagatik".

2015. urtea gerakinarekin amaitzea aurreikusten dutela esan dute Udal Gobernutik. "Horrek datorren urtean hainbat inbertsio egiteko aukera emango digu. Hala ere, aurrekontuak zuzena izan behar du, eta datorren urtean derrigorrean egin beharreko gastuak jaso behar dira bertan. Nork bere buruari tranpak egitea ez da zentzuzkoa, eta herritarrei tranpak egitea ez da bidezkoa", adierazi dute.

Udal Gobernutik jakinarazi dute ez dutela aurrekontu proposamenaren inguruan oposizioaren aldetik ez proposamen bat ez emendakin bat jaso.

Parte hartze prozesua

Danon Artian Danon Herrixa izeneko parte hartze prozesuarekin lotuta honako adierazpenak egin ditu Udal Gobernuak: "Parte hartze prozesua ez da Gu Geu talde politikoaren gustukoa antza. Parte hartu duten herritarrekiko errespetu falta ikaragarria da eginiko balorazioa. Parte hartzera baino kontrakora bultzatzen dute halako adierazpenek", esan dute.

"Parte hartze prozesua oso positiboki baloratzen dugu, ekarpen ugari egin baitituzte herritarrek, eta horrek datozen urteetarako lerro nagusiak fintzen lagunduko baitigu. Gonbidatuta egon arren, Gu Geu Elgeta talde politikoa ez da Danon Artian Danon Herrixa prozesua antolatzeko bilera askotara etorri".

Gaineratu dute parte hartze prozesua ezin balora daitekeela ateratako proposamenak Udalaren ildo estrategikoekin bat datozen edo ez ikusita.

Udal Gobernutik dei egiten diote Gu Geu Elgeta talde politikoari: "Orain arte bezala prest gaude behar den lekuetan hitz egin eta akordioetara iristeko, eta dei egiten diogu Gu Geu Elgeta talde politikoari alderdikeriatik egindako kritika hutsalak albo batera utzi eta elgetarren alde lan egiteko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak