Oposizioak uste du kudeatu egin behar dela Elgetako Udalak duen zorra

Gu Geu Elgetak dio okerreko erabakia dela inbertsioak gelditzea.

Udal Gobernuak Udalaren egoera ekonomikoaren berri eman zuen aurreko astean, eta azaldu zuen Udalak duen zorrak agintaldi osoko inbertsioak baldintzatuko dituela. Oposizioan dagoen Gu Geu Elgeta taldeak uste du ezin direla inbertsio guztiak hipotekatu zorra kitatzeko: "Egia da zor handi baten aurrean gaudela, baina ezin gara etsipenean jausi. Ahalegin handiagoa egin beharko dugu diru sarrera gehiago lortzeko eta diru iturri berriak aurkitzeko", azaldu dute. "Zorra kitatzea da guztion lehentasuna,  baina, agian, zor hori nola kendu da hemen gakoa", azaldu dute. "Zorra denbora laburragoan kendu nahi izateagatik ez ditugu herriko inbertsio guztiak alde batera utzi behar (...) 2015eko likidazioa oraindik ezagutu ez arren, badakigu bertatik 200.000 euroko soberakina izango dela".

Oposizioak lehentasunezkotzat jotzen ditu zenbait inbertsio; esaterako, herriko argiteria berritzea, kiroldegiko kantxako zorua berritzea, Pagatza industrialdeko pabiloien okupazioa betetzea, Espaloia kafe antzokia berpiztea eta Karabixetako bidegorria konpontzea.

'Danon Artian, Danon Herrixa' prozesua

Herrian berriki egindako parte hartze prozesuarekin lotuta Gu Geu Elgetatik jakinarazi dute gustuko dutela partaidetza era hori, baina baloratu dute jende gutxik hartu duela parte. Jende gaztearen parte hartze falta nabarmendu dute, batez ere. "Parte hartu duten guztiak zoriondu beharko lirateke herriarekiko azaldu duten arduragatik", azpimarratu dute.

Inkestetan herritarren interesak islatu direla uste dute Gu Geu Elgetatik, eta jendeak egindako proposamen asko jaso direla. "Azken saioan aurrekontura begira gauzatzeko moduko proposamenak sailkatu ziren. Hala ere, ez ditugu Udal Gobernuaren ildo estrategikoak ezagutzen, beraz, ezin dugu baloratu herritarrek proposatu dituzten egitasmoak bat datozen Udal Gobernuaren asmoekin". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.