Iraitz Lazkano: "Agintaldi osoa baldintzatuko du aparejadorearen auziak"

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko abe. 11a, 14:00
Iraitz Lazkano alkateak, eguenean, parte hartze prozesuko ondorioak aurkezten.

Elgetako Udalak 769.172,59 euroko isunari egin beharko dio aurre bost urteko epean.

 

Atzo egindako batzar irekian udal gobernuko kideek Danon artian, danon herrixa parte hartze prozesutik eratorritako proposamenen sailkapena aurkeztu zuten. Batzar berean, Udalaren egoera ekonomikoaren berri eman zuten garrantzia berezia emanez Udalak Alberto Olalderekin duen auzia dela-eta ezarritako isunaren ondorio ekonomikoari. 

Iraitz Lazkano alkateak azaldu duenez Elgetako Udalak 439.342,45 euroko zigorra zuen ezarrita auzi hori dela-eta. Azaroan ebatzi den epai berri baten ondorioz 329.830,14 eurotan handitu da zigor hori. "Aurreko agintaldietatik datorren gaia da hau, baina guri dagokigun agintaldia goitik behera baldintzatuko du", adierazi du alkateak. Argitu du udal gobernuaren erabakia dela zorrei aurre egitea Udala gehiago zorpetu barik. "Jakin badakigu, ez dugula aukerarik izango datozen lau urteetan proiektu handirik garatzeko", esan du. "Lau urteko ikuspegiarekin Olalderen auzia dela eta egin beharreko ordainketak ia bukatzea espero dugu, eta lehenagotik Udalak dituen maileguengatiko zorrak asko murriztea", jakinarazi du Lazkanok. "Zorra handitzearekin arazoa handitu besterik ez dugu egingo", esan du. "Agintaldi honetan aukerarik izango ez badugu ere, etorkizunean Udalak dituen baliabideak zertan erabili nahi dituen herritarrekin erabakitzea ezinbestekoa dela uste dugu". 

Alkateak argi utzi du Udalak eskaintzen dituen zerbitzuetan ez dela murrizketarik egongo. "Udalaren eskaintza zabaldu egin dugu orain artean —kirol zerbitzuaren edo mintzalaguna proiektuaren kasuetan adibidez—, eta horrela jarraitzea da gure asmoa", adierazi du.

Herritarren proposamenak 

Parte hartze prozesutik eratorritako proposamenei dagokienean hiru multzotan sailkatu ditu Udalak: 2016ra begirakoak, epe luzeago batera begirakoak, eta egin ezin direnak edo egingo ez direnak. 

Arrazoi ekonomikoak eta demografikoak tarteko baztertuta gelditzen dira estalitako igerilekuak eta kantxa egitea zein ludoteka zerbitzua merkatzea. Aldiz, epe laburrean egiteko modukoen artean aurkeztu ditu udal gobernuak Elgetako kultura eredua adostea, euskara normalizatzeko ekintzak egitea, turismo jasangarria bultzatzea, herritarrei zuzendutako turismo ekintzak egitea, Udalak dituen lokal hutsak berrerabiltzea, hondakinen bilketaren inguruko ikastaroak berriz antolatzea, dauden kirol instalazioak ondo jartzea eta mantenua hobetzea... Hala, mantenu lanen planifikazioari garrantzia berezia emango dio Udalak. 

Horrekin batera lehentasunezkotzat jotzen dira alokatzaile eta bezeroen artean zubi lanak egitea, herriko langabetuen poltsa egitea eta Udalak industrialdeko enpresekin hartu-emana izatea enpresa horien beharrak ezagutzeko eta herriko langabetuendako lan aukerarik dagoen aztertzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak