Erabiltzen ez diren eremu publikoak ikusi, baloratu eta auzolanean berreskuratzeko saiakera

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko urr. 21a, 13:01

Elgetako hamalau bat lagun elkartu ziren, atzo, Elgetako Udalak deituriko Ateak irekiz ekimeneko lehen hitzorduan.

Erabilerarik ez duten eremu publikoak herritarrei erakutsi, zein egoeratan dauden baloratu eta auzolanaren bitartez berreskura daitezkeen hausnartu gura du Udalak. Atzo abiarazi zuten Elgetan Ateak irekiz izeneko ekimena eta hamalau bat lagun elkartu ziren.

Taldeak kultura etxean hasi zuen bisita. Erabilerarik ez duten sei gela ikusi zituzten bertan: txirrindularitza elkarteak erabili izan duena, erakusketak egiteko materiala gordetzen duen gela, hilean behin podologia kontsulta egiteko erabiltzen den gela, EPA gela, argazkilaritza gela izandakoa, eta bere garaian fonoteka izandako gela. Zeramika gelan izan zen taldea ondoren, eta azkenik udaletxeko sabaian bertan dauden eta konpondu daitezkeen hiru buruhandi ikusten.

Hamarkadetan pilatutakoak

Hamarkadetan pilatutako materiala dago bertan, asko eta asko erabil ezin daitekeena. Udal arduradunek uste dute plangintza egin eta eremu horiei zein erabilera eman hausnartu ostean txukundu eta egokitu daitezkeela auzolanean. “Uste dugu Elgetan badagoela auzolanerako ohitura bat gero eta gutxiago egon arren berpiztu nahi duguna eta uste dugu eremu horietan, azkenean, auzolanaren bitartez lan handia egin dezakegula”, adierazi du kultura zinegotzi Janire Lazkanok. “Ikusi dugu hainbat material erabiltzeko aukerarik ez duena, zabor ugari ere ikusi dugu, ordenagailu zaharrak… Horiek guztiak ateratzea eta eremu horiek txukun lagatzea uste dugu posible dela gure eskuekin, gure lanarekin eta gure borondatearekin”.

Bisita hau lehen urratsa besterik ez da izan, eta udaletxean zabalik daude eremu horiek ikusi nahi dituzten gainerako herritarrei erakusteko. Interesatuek udaletxean jasoko dituzte argibide gehiago. Ekimenak fase gehiago izango ditu, eta kultura batzordetik egingo diote jarraipena. "Ez denbora motzean baina gauzatuko dugun beste proposamen bat da Asentzion dagoen txaleta edo Udalak erosi zuen eremu hori herritarrekin batera bisitatzea. Askotan entzun da zer den hori, zelan dagoen… Ateak irekiz ekimenarekin jarraituz bertako ateak ere zabaltzeko asmoa dugu”, jakinarazi du Janire Lazkanok.

Lehenengo bisita honetan parte hartu duten herritarrek begi onez ikusi dute ekimena. Batzuk prest agertu dira eremu horiek auzolanean txukuntzen laguntzeko. Maite Barrainkuaren kasua da: “Interesgarria izan da jakitea zer dagoen benetan publiko herrian (…) Buruhandi batzuk ikusi ditut sabaian eta gustatuko litzaidake lan horretan parte hartzea. Garbiketa lanak txarragoak dira, baina parte hartuko dut (…) Ondo ikusten dut diru publikoa erabili beharrean lan publikoa egitea”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak