Udaberriarekin batera hasi dira erleak lanean, eta Elgetan sumatu dute eragina.
Liztor beltzari dagokionean honezkero bi erlauntza desaktibatu dituzte herrian. Bata Uriarte auzoko Txaraka edo Iribeiturriaga baserri ondoan, eta bestea Domingo Iturbe kaleko txaletetako batean.
Txikiak ziren bi habiak eta garaiz antzeman dituzte, izan ere fase horretan sortzen ditu erreginak etorkizunean habiak egingo dituzten erregina berriak. Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteko kide Mari Karmen Iturberen esanetan 100-200 bat erregina berri sortzen dira erlauntza bakoitzean. Hala, horrelako habia bat suntsitzeak etorkizuneko 100-200 bat habia suntsitzea suposatzen du.
Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteak uztailean ipiniko du martxan liztor beltzaren aurkako protokoloa aurten, eta tekniko bat kontratatuko du horretarako. Liztor beltza ez da arriskutsua pertsonendako baina bertako erleak jaten ditu. Gogoratu horrelako habia bat antzemandakoan udaletxean eman behar dela abisua lehenbailehen.
Erlauntzak kalean
Bertako erleak oso garrantzitsuak dira ekosistemarako, baina azken urteetan herri erdigunean agertu dira erlauntza bat baino gehiago. Iaz, esaterako, San Roke kalean eta aurten Torrekua eta Torre-zar eraikinetan.
Erlezain batek kendu du Torrekua etxean zegoen erlauntza, eta egoerari zein irtenbide eman aztertzen dihardute Torre-zar etxean. Kasu honetan ez dago protokolorik. 112 telefono zenbakira deituta ematen dute jarraitu beharreko pausoen berri.
Gaiaren inguruko elkarrizketa interesgarria Goiena telebistaren Debagoiena Zuzenean saioan Deba Garaia Landa Garapenerako elkarteko kide Mari Karmen Iturberi hemen. (13. minutuan)