Lanbroa zen goizean baina dozena bat lagun elkartu dira Ozkarbi elkarteak antolatutako mendi irteeran. Egoarbitzara egin dute joan-etorria, eta bide batez bidean dauden sekuoiak ikusi dituzte. Mendi saila izan du urteetan Ozkarbi elkarteak eta hura gogoan antolatu dute irteera elkartetik.
Urteurreneko ekitaldiek plazan izan dute jarraipena, eguerdian. Ozkarbi elkarteak dantza, pilota, mendia, musika eta ehiza-arrantza sailak izan ditu, besteak beste, eta taldeka antolatuta argazki mordoa egon dira gaur ikusgai, herriko plazan. Elkartearen sorrerakoak zein ez hain aspaldikoak. Herritarrak gustura ibili dira argazki artean lagunak zein senitartekoak lokalizatzen. Eta bide batez, garai zaharrak gogoratzen.
Bost hamarkadatan elkartean pilatzen joan den materiala ere plazara atera dute, gaur. Kopak, txapelak, palak, dantza taldeko materiala, musika tresnak... Okasiorako herritarrek lagatako materiala mordoa ere egon da ikusgai.
Dantzako jantziak ere ez dira falta izan: herriko neska-mutikoek eraman dituzte soinean. Pilotari eta mendizale jantzita ere egon da herritar bat baino gehiago.
Erakusketari amaiera emateko herriko zortzi neskak aurreskua eta zinta dantza egin dituzte plazan. Jose Gardokik eta Beñat Leanizbarrutiak hartu dute lekukoa, eta tabernaz taberna ibili dira soinuarekin eta panderoarekin.
Bazkaria egin dute ondoren Ozkarbi elkartean 30 bat bazkidek.
Eragile garrantzitsua herrian
Elgetar gutxi izango da Ozkarbi elkartetik pasa ez denik. "Jaio zenetik izan zen iraultza bat Ozkarbi elkartea", adierazi du Miguel Arantzeta bazkideak. "Neskak, mutilak... denak elkarrekin ibiltzen ginen, eta ekintza mordoa bultzatu izan dira elkartetik. Dantzan, pilotan, mendi irteerak... denetik egiten genuen. Orduan ez zegoen besterik!".
Sorrerako presidenteordea izan zen Mariasun Agirre. "Lehenengo elkarte mistoa izan zen Ozkarbi. Agiri mordoa bete behar izan genuen eta gure abilidadea, egia esan, ez zen oso handia. Baina borondate handia genuen eta aurrera egin zuen elkarteak. Gerora Euskal Jaiak, musika jaialdiak, dantza saioak... gauza asko antolatu izan dira Ozkarbitik", azaltzen du Agirrek.