Elgetako Udalak 65.023 euroko soberakinarekin itxi du 2014ko ekitaldia

Larraitz Zeberio Lekuona 2015ko api. 1a, 12:54

Soberakina, bere osotasunean, 2015eko aurrekontura bideratu dute; Udalak Gizarte Segurantzarekin duen auzira.

Elgetako udalbatzak 2014ko likidazioa onartu zuen atzo egindako martxoko osoko bilkuran. Bere egunean onartutako aurrekontua baino 111.496 euro handiagoa da likidazioa, eta positiboan amaitu dute ekitaldia Elgetan. Soberakina 65.023 eurokoa da.

Oxel Erostarbe alkateak azaldutakoaren arabera 1.651.125 euroko aurrekontua onartu zuten 2014rako, eta 1.762.621 eurokoa izan da azkenean. "Aurreikusitakoa baino gehiago gauzatu dugu azkenean, tartean hainbat dirulaguntza egon direlako eta sarrera gehiago egon direlako. Eta itxiko dugu urtea dezenteko superabitarekin: 65.023 euroko erremanente positiboarekin. Poztekoa da urtea horrela itxi izana", esan du alkateak.

Soberakina, bere osotasunean, Udalak Gizarte Segurantzarekin duen auzira bideratzea erabaki du osoko bilkurak. Izan ere, aparejadore ohi baten auziarekin lotuta Gizarte Segurantzak 378.000 euro erreklamatzen dizkio Elgetako Udalari.

Auzi horri aurre egiteko 149.000 euroko dirulerroa aurreikusi zuen Udalak 2015eko aurrekontuan. Orain, beste 65.023 euro gehitu dizkiote kopuru horri. Hala, eta Udalak martxan dituen errekurtsoak emango dutenaren zain, zorra 164.000 eurokoa litzateke.

Oposizioa abstenitu egin da soberakina dirulerro horretara gehitzeko erabakian. Elgetako Bilduko ordezkari Janire Lazkanok azaldu zuen egokiago iruditzen zaiela diru hori, esaterako, hezitzaileen soldata 7. Mailara igotzeko bideratzea, edo herritarren iritzia eskatzea. "Aurrekontu parte-hartzaileen filosofia jarraituz egoki ikusiko genuke 65.000 euro horiek alde batetik azken lau urteotan eskatzen ari garen moduan hezitzaileen soldata 7. mailara igotzeko erabiltzea, eta beste alde batetik herritarrei hiru edo lau bat proiektu aurkeztea —tartean egon daiteke diru kopuru hori Udalak dituen auziei bideratzea—, eta herritarrei aukera ematea proiektu horien artean aukeratzeko", esan du Janire Lazkanok.

Bestelako erabakiak

Osoko bilkuran, gainera, Elgetan egitear den Baratze Parkearekin lotutako araudiak eta hitzarmenak onartu zituzten, eta  bertan behera utzi dute mendekoen arretarako etxez etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin indarrean zegoen hitzarmena. Aurrerantzean, Antzuolarekin eta Leintz Gatzagarekin batera eskatuko dira dirulaguntza horiek, Bideberri mankomunitatearen baitan.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak