Denboraldi hasiera honetan entrenamendu modura hartzen ditu Kortazarrek lehen mendi lasterketok, eta emaitza onak lortzen ari da.
Atzo, martxoak 8, emakume azkarrena izan zen Arnedo Trail mendi lasterketan. 27 kilometroko ibilbidea egin zuen, 1.087 metroko desnibelarekin bai gora bai behera, eta bi minutuko aldea atera zion helmugan Maite Maiora aurkariari.
Ondo sentitzen dela esan du Kortazarrek, eta progresio onean dela, baina martxoaren 22an Katalunian jokatuko duen Vall del Congost lasterketa izango duela denboraldiko lehenengo hitzordu serioa. 42 kilometroko lasterketa da, eta denboraldi honetan lehen aldia izango du distantzia horretan. Aurkarien maila ere beste bat izango da.
Aurretik, eta prestaketa lantzeko ezarrita daukan egutegiaren barruan, Alto Sil Trail lasterketan izango da Kortazar domekan, martxoak 15.