Ford Mugarri taldeak garaipen berri bat gehitu du. Atzo, zapatua, txapelketako 22. jardunaldia jokatu zuten Iturripen eta Beti Onak talde nafarraren bisita izan zuten.
Lehenengo zatia 20-14 emaitzarekin amaitu zen. Arrasatearrak ondo irten ziren defentsan eta asmatu egin zuten nafarren atearen aurrean. Bigarren zati hasieran kanpotarrak gauzak estutzen saiatu ziren eta eragina izan zuen markagailuan, baina arrasatearrak lasai mantendu ziren eta lortu zuten egoera kontrolatzea. Norgehiagoka 33-28 emaitzarekin amaitu zen.
Taulako goiko aldean jarraitzen dute Pablo Gartziaren mutilek. Hurrengo astean Santoñako taldearen bisita izango dute. Talde gogorra da, txapelketako onenetarikoa eta Gartziaren esanetan: "Zaila izango da irabaztea". Hala eta guztiz ere dena emango dutela esan du eta espero duela atzoko moduan zaleak hor egotea.
Partiduari hasiera eman aurretik jokalariek minutu bateko isilunea egin zuten Bera Bera taldeko Maialen Fernandezen omenez. Astean hil da 16 urte zituela.