Alkatetzan bigarren eta azken agintaldia du Oxel Erostarbe elgetarrak, eta martitzenean, Goiena telebistako Harira saioan izan zen. Kulturan Espaloia kafe antzokiaren ibilbidea nabarmendu zuen, turismo alorrean Intxortako ibilbide tematikoak lortuta emaitzak, eta hirigintza herrian egindako hainbat hobekuntza: Salbador kalea, frontoi zaharra, kiroldegiko jolasparkea...
Aitortu zuen agintaldi honetan hondakinen kudeaketak dedikazio handia eskatu duela. "Oraindik ez daukagu datu zehatzik baina sistema honetan organikoaren kudeaketa oinarrizkoa da", esan du. "Gutxi gorabehera herritarren %50 ari da organikoa herrian bertan konpostatzen, eta nabarmendu daiteke nahiko kalitate oneko organikoa dela". Alkateak esan duenez lagun batzuk jarraitzen dute zabor-poltsak lurrean uzten: "Baina gutxiengoa dela esango nuke, eta uste dut denborarekin konponduko dela kontu hori ere".
Udalaren zorra txikiagoa
Erostarbek azaldu duenez Udalaren egoera ekonomikoa hobea da, gaur egun, orain zortzi urte baino. Aitortu du Alberto Olalde aparejadore ohiaren auziak eragina izan duela. "Udalak 400.000 euro ordaindu behar dizkio gizarte segurantzari. Gure asmoa da maiatzerako horren zati handi bat ordainduta lagatzea. Geratuko den kopuruak, dezentekoa izanda ere, ez du Udalaren egunerokoan eragingo", azaldu du Erostarbek. "Udaletxean sartu ginenean zorra 1.300.000 eurokoa zen. Lagako dugu, gutxi gorabehera, 700.000 euroko zorrarekin. Dezenteko zorra da, baina topatu genuena baino txikiagoa".
Norbanakoei dagokienean langabeziak gora egin du Elgetan, eta herriko zenbait lantegi egoera kaskarrean dira. Erostarberen ustez hurrengo agintaldietan ere garrantzitsua izango da udal gizarte zerbitzuak herritarren ondoan egotea.
Ondorengoei, garbi jokatzeko
Erostarbe ez da maiatzeko hauteskundeetan hautagai izango, eta hurrengo etorriko direnei aholkatzen die, batez ere, herritarrekin zintzoak izateko. "Zuk sinesten baduzu gauza batean onena da argi esatea", adierazi du. "Eta gero jendeari zure proposamena zein den ondo azaltzea, eta zalantzak argitzea. Baina batez ere argia izatea ez duelako balio gauza bat esan eta handik urtebetera kontrakoa egitea. Hondakinen gaian edo beste edozeinetan. Datozenek esan dezatela zein programa duten. Zein asmo duten Espaloiarekin, hondakinekin, kiroldegiarekin…".