BARIKUA: Balerdi Balerdi taldearen abesti ezagun eta ez horren ezagunak Espaloian

Zuriñe Velez de Mendizabal 2014ko ots. 7a, 11:14

Bide Ertzean taldeak ere joko du gaurko emanaldian, 22:30ean hasita.

Balerdi Balerdi taldekoek ezagutzen dute Espaloia; duela bi urte inguru igo ziren bertako oholtzara. Bada, gaur gauean esperientzia errepikatuko dute eta sarrerak salgai daude dagoeneko –6 euro aurrez, 8 euro leihatilan–. "Kontu ugari aldatu dira Balerdi Balerdin; tartean, kideak". Hala eman digu aditzera Toño Murok. Hain zuzen ere, Toñok (abeslaria), Zarak (bateria), Carlosek (baxua) eta Pettik (gitarra) osatzen dute egun taldea.

Errepertorioa moldatu dute

Emanaldi berezia izango da gaurkoa. Izan ere, Petti Balerdi Balerdin sartuta, bi gitarra ditu taldeak, eta orain arteko emanaldiez haratago joateko aukera ematen die. Hain zuzen, Toñok aditzera eman duenez, errepertorioa moldatu egin dute Balerdi Balerdikoek Petti taldean sartu denetik: "Bi gitarra ditugu orain taldean eta horrek joko handiagoa eman digu. Halere, esan behar da gure emanaldietan falta ezin diren abestiak ere baditugula, Hautsaren Dantza, esaterako. Philosophia izenekoa, ostera, ez genuen aspaldian jotzen eta berreskuratu egin dugu".

Ibilbide luzeko taldea

Balerdi Balerdi sortu zenetik (1990) urte asko pasatu dira. Tartean, etenaldia ere egin dute, "luzea, gainera", Toñoren esanetan. Hasierako eta oraingo taldeak alderatu behar izanez gero, aldeak nabaritzen direla dio abeslariak. "Nabarienak, orduko taldetik bi bakarrik geratu garela, Zara eta biok, hain zuzen".  

Aldatu ez dena zuzeneko biziak eskaintzeko egiten duten saiakera da. Jarraitzaileei dagokienez, hasira-hasieratik zituzten zaleetako batzuk oraindik ere izaten jarraitzen dutela eman du aditzera abeslariak. "Jarraitzaile berriarentzat ere bitxia izan daiteke gure musika, gure eskaintza. Nork bere gustuak ditu, baina, gure kantuei dagokienez, ez dugu estilo zehatzik, beti izan gara irekiak eta nahasi egin ditugu: popa, rocka, folka...".

Bide Ertzean bidaia-lagun

Bide Ertzean taldeak ere joko du gaur; lagunak dituzte, gainera, Balerdi Balerdikoek. "Balerdi Balerdi berriz hasteko zegoenean bultzadatxo bat eman ziguten. Esaterako, Zeruan izeneko gure kantuaren bertsioa egin zuten; batzuetan haiekin zuzenean jotzen nuen, gainera. Oso garrantzitsuak izan dira guretzat".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak