Sarrerak dagoeneko salgai daude, 10 eurotan, Bergarako Arrano, Pol-Pol eta Depor tabernetan eta baita Arrasateko Irati eta Aretxabaletako Urbaltz tabernetan ere.
Aspaldiko lagunak oholtzan
Saioa hasi baino ordu erdi lehenago batuko da bertsolari taldea Bergarako pilotalekuan, saioko ariketen argibideak jasota, saiorako girotu eta plazara egokitzeko. Sarritan igo dira elkarrekin oholtzara, aspaldiko lagunak dira, elkarrekin bertsotan hasitakoak gehienak. Maialen Lujanbiorekin izan gara, eta hauxe dio, saioan kide izango dituen lagunak aurkezteko eskatuta: "Hurbileko bertsokideak gara. Amets Arzallus txapelduna beti bikain aritzen den bertsolaria da; Andoni Egaña, berriz, lehengo eta gaurko bertsolari puntakotzat dut; Igor Elortza ideia eta umore zorrotza eskain dezakeen bertsolaria da; Unai Iturriagaz ikuspegi interesgarria eta ideiatan jenioa dela esango nuke; Sustrai Colina, ordea, edozein plazatarako garantia den bertsolari dotoretzat dut; Jon Maia bihotza eta umorea bertsotan jartzen duen pertsona moduan aurkeztuko nuke eta Aitor Sarriegiri buruz bertsolari elegantea eta fina dela esango nuke".
Josu Goikoetxeak jardungo du gai-jartzaile lanetan, aspaldiko laguna eta lankidea: "Asko preziatzen dut Josu lagun eta gai-jartzaile edo sortzaile moduan. Saio ona egiteko garantia da Josurekin dugun konplizitatea eta harremana. Konplizitatea da, nire ustez, saio ona ateratzeko faktore edo osagai garrantzitsuenetako bat. Badirudi plater goxo bat ateratzeko osagai guztiak ditugula", dio Lujanbiok.
Libre asteburuaren barruan
Gai-jartzailea aurrez ondo ezagutzea ez da nahiko pista, Lujanbioren hitzetan, bertsotarako proposatuko gaiak aurrez asmatzeko: "Domekako saioaren motiboa jakina eta zehatza da, eta tematika horrek presentzia izango duela seguru; baina ez da gai bakarra izango, eta, Josu ezagututa, ez da samurra aurrez asmatzea nondik nora eramango gaituen domekan".
Finalari gainbegiratua
Bergarakoan, Txapelketa Nagusiko finalista gehienak daudela aitzakia hartuta, atzera begiratu eta finalaren gaineko hausnarketa egiteko eskatu diogu txapeldunordeari: "Txapela merezitako buruan dago. Sentimendu asko eta nahasien eguna izan zen: tentsio eta urduritasun handikoa, lana egindakoaren sentsazioduna, baina baita egun pozgarria eta bertsokideekin talde-sentimendu handikoa ere. Atzera begiratuta, nahiko gauza zuzenduko nituzke baina alperrik da orain, etxeko besaulkitik, egindakoak zuzentzea, hango egoeran asmatu behar da. Domekako saioa modukoak dira gure jardun arruntaren oinarria eta gure bertsogintzaren benetako plaza. Txapelketa da ezohikoa dena".
Erreferentziazko emakumea
Garaiak aldatuaz doazen arren, ohikoa du Lujanbiok oholtzan emakume bakarra izatea: "Ez nuke inoren eredu izan nahi, are gutxiago emakumeena bakarrik eta estimatua izatekotan, nire bertsokeragatik eta bertso jardunagatik izatea nahiko nuke, eta horrela den ustea dut", dio Maialen Lujanbiok.