Beti bezala, sarrerak antzokiko txartel-leihatilan erosi ahal izango dira. Nahi duenak, baina, aurreko astean aurkeztu zen home ticket zerbitzu berriari esker, www.arrasate-mondragon.net atarian txartelak erosteko aukera izateaz gain, etxean bertan jasotzeko aukera ere badu. Zerbitzu horrek, gainera, %15eko deskontua eskaintzen du.
Istorio originala
Neskatila pinpirin bat baserrian eta baserritar bat operan; horrenbestez, ezberdinak diren bi mundu elkarren alboan, maila soziokultural ezberdineko bi lagun aurrez aurre.
Aiora da protagonistetako bat eta Pablo da bestea. Liraina, goxoa eta alarguna da Aiora; eta berekoia, burugogorra eta ezkongabea Pablo.
Bi mundu ezberdin leku berean. Bata bestearen ondoan, kanposantuan. Aiora eta ondoko tipoa… Pablo. Irribarre leun bat, ordea, nahikoa izango da bi protagonisten arteko sua pizteko. "Amodioa da istorioaren muina, baina umoretik aldendu gabe", aipatu du Aitziber Garmendia aktoreak.
Bada, istorio sinple hori irudikatzeko, eszenografiak garrantzi handia dauka. "Bi pertsonaien barne unibertso eta sentipenak irudikatzeko, argiarekin jolasten dugu", azaldu du Garmendiak. Hala ere, pertsonaien sakontasuna aktoreen lan bikainari esker igartzen da.
Gertuko aurpegiak
Ezagunak diren bi aktore izango dira taula gainean: Iker Galartza eta Aitziber Garmendia. "Iker komedian primeran moldatzen da", dio Garmendiak. Bere ibilbidean zehar egindako lanak ikusita, baita Garmendia bera ere.
Istorio horretako bi pertsonaien arteko suak ze tenperatura hartuko du?