Zaborra sailkatzeko bost gune berri, eta txakur kakak botatzeko lekuak prest

Larraitz Zeberio 2014ko urt. 24a, 10:04
Zaborra sailkatuta jasotzeko berriki ipinitako guneetako bat.
'Egin konpostatzaile' kanpaina ere martxan du Elgetako Udalak. Bonifikazioen aplikazioa ere erabakita dago: "2013an konposta egin dutenei otsailean bueltatuko zaie bonifikazioaren kopurua", adierazi dute.

2012an Elgetako 52 familiak kudeatzen zuten euren hondakin organikoa. Iaz, 113 familia ziren. Kopuru horrek gora egiten jarraitzea gura du Udalak. Hala, Egin konpostatzaile kanpaina jarri du martxan. "Hondakin organikoa Elgetan bertan kudeatzen badugu, ez dago garraiatu beharrik, ez dago tratatu beharrik, ez dago zabortegietan pilatu beharrik", gogorarazi dute.

Bonifikazioak

Bonifikazioak ere iragarri ditu Udalak ekimenean parte hartzen duten herritarren artean. %25eko bonifikazioa iragarri dute hondakinen tasan, eta baserritarren kasuan,%50ekoa. "Hondakin organikoa baserriko abereei jaten emateko erabiltzen dutenek ere eska dezakete hobaria", esan dute. Berehala hasiko dira bonifikazioak aplikatzen: 2013an konposta egin dutenei otsailean bueltatuko zaie bonifikazioaren kopurua eta izena 2014an ematen dutenei konposta egiten dihardutela ziurtatu ostean aplikatuko zaie, urtea bukatu aurretik betiere.
Otsailaren 17ra arteko epea zabaldu du Udalak interesatuek izena eman dezaten.

Sailkatzeko zaborrontziak

Kalean ere zaborra sailkatzeko aukera zabalagoa dago orain. Hasieran, bost gune ipini zituen Udalak —kiroldegian, frontoian, Maala parkean, eskola aurrean, herriko plazan eta poligonoan—. Orain, beste sei gehitu ditu eta horretarako aurretik zeuden zaborrontziak egokitu ditu: "Zaborrontziak kendu eta berriro ipini ditugu bakoitzean ze hondakin mota bota behar den zehaztuz (...) Gune horietan lau frakzioendako ontziak daude: organikoa, ontzi arinak, papera-kartoia eta errefuxa". Txakur kakak botatzeko lekuak ere ipinita daude Torrealdean, Domingo Iturben, San Roke ostean, industrialdean eta Berraondokoan. "Gogoratu gura dugu txakur kakak beste guneetan ere bota daitezkeela, errefuxaren ontzira".

Udalak etxean moduan kalean ere hondakinak sailkatzera animatu gura ditu elgetarrak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak