Oxel Erostarbe: "Zerbitzu eta dirulaguntza guztiak mantenduko ditu Udalak 2014an, eta inbertsioetan mantentze-lanak izango dira lehentasuna"

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urt. 30a, 14:23

Elgetako udalbatzak 2014ko aurrekontua onartu du; iazkoa baino 47.000 euro handiagoa da.

Eguerdian egin dute osoko bilkura Elgetako udaletxean, eta Aralar-Independenteak eta EAJko ordezkarien aldeko botoekin egin du aurrera 1.651.125,61 euroko aurrekontuak. EH Bilduko hiru ordezkariak abstenitu egin dira.

"2014ari ere aurre egingo diogu udaletxetik", adierazi du Oxel Erostarbe alkateak. Azaldu du Udalak zerbitzu eta dirulaguntza guztiak mantenduko dituela, kontratazio zuzenak egiten jarraituko duela, eta inbertsioak aurrera eramaten jarraituko duela. Foru Fondoaren handitzeak lagunduko duela esan du Erostarbek, baina argi utzi du hainbat inbertsio egiteko bidelagunak beharko dituela Udalak.

2014ko aurrekontuak ez du mailegurik aurreikusten, beraz, Udala ez da gehiago zorpetuko. "Sinistuta gaude herritarren beharrei erantzuten dien aurrekontua dela", esan du. "Egindako ekarpen ia guztiak jaso ditugu".

Inbertsioei dagokienean esan du mantentze-lanek izango dutela lehentasuna: eskolan, argiteria berrizten, hilerriko horma, herriko espaloiak eta hesiturak... Memoria historikoaren inguruko proiektuak, usoak kentzeko neurriek eta komertzioa sustatzeko ekimenek ere garrantzia izango dute. "Gainerakoan, udalekuak luzeagoak izango dira 2014an, batzorde gehienetan handitu egin dugu diru-lerroa, eta euskaraz ikasi nahi dutenendako dirulaguntza mantendu egingo da", esan du.

Elgetako EAJ-ko bi ordezkariek babestu egin dute aurrekontua.

EH Bilduk abstentzioa

"Ez da kontra egiteko moduko aurrekontua, baina zenbait kezka ditugu eta abstenitu egingo gara", azaldu du EH Bilduko ordezkari Janire Lazkanok. Udal liburutegiko ordutegia ordu erdi handitu izanarekin pozik agertu da Lazkano, baina kezka azaldu du udalekuetako hezitzaileei aplikatzen zaien kontratazioaren nibelarekin. "Bosgarren nibela ezartzen zaie Udalak gutxienekoa zazpigarrena onartutzat duenean. Udalhitzen barruan kokatzen da, baina ez da gure apustua", esan du Lazkanok.

Bestalde, bisita gidatuen inguruan turismo teknikari bat ez egoteak ekarri dituen hutsuneekin kezka agertu dute: "Turismo teknikari bat ez egotiak ekarri dituen eta ekartzen jarraituko duela aurreikusten ditugun hutsuneekin ez gaude ados", esan du Lazkanok. Kezka agertu dute baita ere Espaloiaren gertuko etorkizuna dela-eta aurrekontuan aurreikuspenik egin ez izanarekin.

Aurrekontua eztabaidatzeko gunea sortu behar dela ere adierazi zuen Lazkanok eta garrantzi handia eman zion puntu horri: "Aurrekontu parte-hartzaiieago batzutan sinisten dugu eta hortarako aurrekontu proposamena mahai-gainean egonda eztabaida guneak sortu behar direla uste dugu", esan zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak