Elgetan sortutako zaborraren %60 zabortegira doa oraindik ere

Larraitz Zeberio Lekuona 2013ko urr. 24a, 14:44

Mankomunitateko bi teknikari herrian izan ziren atzo. Azaldu zuten sailkatzen ez diren hondakinak zabortegira joaten direla. Elgetaren kasuan sortutako zaborraren %60.

Hogei bat herritar hurbildu ziren atzo zaborren inguruko informazio hitzaldira. Udal ordezkariak ere bertaratu ziren: Aralar-Independenteak taldeko Oxel Erostarbe eta Iban Retolaza, Bilduko Janire Lazkano eta EAJko Maria Jesus Lete, hain zuzen ere. Hitzaldian izan zen, baita ere, Elgeta zero zabor taldeko ordezkaritza zabala.

Teknikoek azaldu zuten herrian sortzen diren hondakinekin zer egiten den. Sailkatuta jasotzen diren hondakinek badute irtenbide bat, nork berea. Nahastuta jasotzen den zaborra, ordea, zabortegira doa. Eta problematika handia da: ingurugiro arazoak sortzen ditu horrek, eta baita gastu ekonomiko handia ere.

Komeni da gehiago sailkatzea. Zentzu horretan, udal talde politikoek adostuta dute hondakinen %70-80 sailkatzera heltzeko neurriak hartzea. Baita neurri horien inguruan herritarrei galdetzea ere. Bere egunean abendurako iragarri zuen Udalak herri kontsulta.

Atzokoa saio informatiboa izan zen. Teknikariek esan zuten komeni dela gehiago sailkatzea, baina baita ere ondo sailkatu behar dela. "Sailkatuta batutako hondakinek zenbat eta inpropio gutxiago eduki erraztu egiten da tratamendua, eta diru iturri ere bada Mankomunitatearendako", esan zuen Oihana Agirrek.

Beasainen dagoen Sasietako zabortegira doa Elgetan sortzen den zaborraren %60. 2016rako, ordea, itxita behar dute zabortegi konbentzional guztiek. "Badago margena, baina Europatik datozen zuzentarauak ikusita unea iritsi da Elgetan ere erabaki bat hartzeko", esan zuen Agirrek.

Elgetako Udalak abendurako iragarri zuen gaiaren inguruko herri galdeketa, eta atzoko batzarrean Oxel Erostarbe alkateak jakinarazi zuen azaroan abiaraziko dituztela bilerak herritarrekin. Batzarrera joandako herritarrek galdetuta jakinarazi zuen baita ere Udalak aurten aplikatuko duela auzo- zein autokonposta egitearren aginduta dauden hobariak, eta hondakinak bereizita jasotzeko herriko kaleetan ipintzekoak diren zakarrontzi berriak eskatuta daudela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak