Oxel Erostarbe: "Mankomunitateak ze asmo daukan jakin gura dugu"

Larraitz Zeberio Lekuona 2012ko mai. 3a, 02:00

Oxel Erostarbe martitzenean izan zen Goiena telebistako Harira saioan. Aralar alderdian jarraitzea espero duela adierazi zuen, baita Elgetako Udalak herritarrekin batera hartuko duela hiri hondakinen inguruko erabakia. Bestetik, gogor salatu zituen Elgetaren bonbardaketaren 75. urteurreneko egunean militarrek herrian egindako maniobra militarrak.

Zeresana eman dute militarrek Elgetan egindako maniobrek.

Bai. Hasieran, sinetsi ere ez genuen egiten. Iraina, probokazioa izan da, eta azalpenak eskatu ditugu.

Zure egoera pertsonalera etorrita, Aralartik kanpo ikusten duzu zure burua?

Aralarren nago eta uste dut Aralarren jarraituko dugula Aintzanek, Mikelek eta hirurok. Ez nuke ulertuko beste erabakirik. Kontzientziaz eman genuen boto hori, eta sinesten dut ondo egin genuela.

Elgetako udalbatzan zelakoak dira harremanak?

Uste dut Aralar-Independenteak taldean erakutsi dugula —aurreko agintalditik, gainera— gura dugula eraiki behar den etorkizuneko ezker abertzale hori, egunez egun, desberdinen arteko lanean eraiki. Bilduk bi batzorde-burutza laga ditu. Errespetatzen dut erabakia, baina ez dut ulertzen. 

EAJrekin sintonia hobea da, ezta?

Harremanak berdinak dira. Gauza da batzuek jarraitzen dugula herria arduratik eraiki guran eta beste batzuek erabaki dutela oposizioan egotea.

Bigarren agintaldia duzu alkatetzan. Zelakoa izaten ari da honakoa?

Desberdina. Orain esperientzia handiagoa dugu, eta hainbat proiektu ditugu mahai-gainean, baina egoera ekonomikoa oso zaila da. Dena den, segitzen dugu proiektu ezberdinekin, eta uste dut bideratzen ari garela.

Proiektu horietako bat Asentziokoa da. Aurreko agintaldian Angiozarkoak haserretu ziren, oraingoan Bildu. Ze asmo duzue?

Lursail bat erosiko dugu, biodibertsitatea berreskuratuko dugu putzuan, pagadia birlandatuko dugu… badira gauza batzuk egin nahi ditugunak, eta Angiozarkoekin adosten ari garenak. Inbertsioa 230.000 eurokoa da, baina finantzatuta dago portzentaje handian. 168.000 euro kanpotik etorriko dira; hala, Udalak 60.000 euro ipini beharko ditu. Egia da inbertsio handia dela Elgetarako, baina dirulaguntza ere bai. Horrek eragin dezakeela aurtengo aurrekontuko diru-lerro batzuk ez exekutatzea? Izan daiteke, baina lehentasunak ipiniko ditugu.

Murrizketa horiek non aurreikusten dituzue?

Ba, aztertzen ari gara. Gure irizpidea da bizi dugun egoera ekonomikoan ezin dugula mailegurik eskatu. Orduan, inbertsioak egin behar ditugu lortzen ditugun dirulaguntzekin. Hortik eraman nahi dugu gure politika ekonomikoa. 

Aurrekontua gurea moduko herri batera egokitu behar dugu, eta egoera ekonomiko honetan erabakiak hartu beharko dira. Ez dira errazak izango, eta, esan bezala, lehentasunak finkatu beharko ditugu. Akaso, ezin izango dugu irisgarritasun planean aurrera egin, ez eta aurreikusita geneukan udal eraikinen ikuskaritza ekonomikorik egin. 

Domingo Iturbe patronatuaren ingurua txukuntzea da agintaldiko beste inbertsio potoloa. 

Bai, eta uste dut lanak irailerako-edo bukatuko direla, eta eskolak edukiko duela jolastoki estalia. Proiektu honek adar asko zituen. Eraikina Artzapezpikutzarena zen, finantzazioa egin behar zen, bideragarritasuna zalantzan zegoen… Poliki-poliki lanak fruituak ematen ditu. Uste dut edozein proiektutan sartzen garenean zorrotz begiratu behar dugula bideragarritasuna, eta horrela jarraituko dugu. 

Gainontzekoan, zelakoa da egoera ekonomikoa Elgetan? %10eko langabezia maila duzue.

Maila handia da bizi izan dugun egoerarekin alderatuta, baina eskualdeko beste hainbat herritan baino hobea da. Egia da gero eta gehiago direla lan barik gelditzen ari diren lagunak, baina ez da erraza Udaletik eskaintza askorik egitea. 

Ostalaritza-merkataritzan, ordea, zerbitzu berriak zabaldu dira.

Elgeta herri bizia da, eta gabezia batzuk zeuden. Zorionez, gabezia horiek betetzen ari dira poliki-poliki. Udaletik elkarlanerako borondatea eta ditugun baliabideak eskaintzen jarraituko dugu. Elgetarrei, berriz, esango diet herrian dendak, tabernak, harategia edo arrandegia nahi baditugu, erabili egin behar ditugula. Egongo dira erabiltzen baditugu; bestela, poliki-poliki itxi egingo dituzte.

Egia da Espaloia dela herrira jende gehien erakartzen duen eskaintza?

Nire ustez, Espaloia da Elgetako komertzioari eta herriari bizia ematen dio motorra. Ez bakarrik eskaintzen duen kultura eskaintza zabalagatik. Jendea erakartzen du herrira, eta horrek beste tabernetan dinamika bat sortzen du, herriko komertzioetan ere eragina du... Beti sinetsi dut proiektu horretan, eta uste dut Elgeta ezagutzera emateko tresna garrantzitsuenetako bat dela.

Zer gertatuko da Elgetan hiri hondakinen kudeaketarekin?

Sinesten dugu sailkatutako ahal den zabor gehien batu behar dela. Hortik aurrera, Debagoieneko Mankomunitatearen asmoa zen den jakin gura dugu. Zer eman du Antzuolakoak? Ze bideragarritasun eta ze kostu dauka? Kostuetan ze alderaketa dago lehen izaten zenarekin, eta bilketa portzentajeetan zein da aldea? Jakin nahi dugu Debagoieneko Mankomunitateak ze asmo daukan, baina ez soilik bilketaren gainean, baizik eta biltzen denarekin zer egin gura duen, zaborra nora eramango den, bukaera faserako zer planteatzen duen. Debagoienean zabortegi bat sortzea konpostatu edo birziklatu ezin diren hondakinendako?

Mankomunitatean onartu genuen prozesuaren hasieratik amaierara arteko hausnarketa bat egitea, eta egingo dugula espero dut.  

Informazio hori dugunean aztertu egingo dugu, eta hausnarketa abiaraziko dugu. 

Baina imajinatzen duzu atez atekoa Elgetan ere?

Zaila da hausnarketa honi une honetan behar den moduan ekitea. Zaila da zelan batu nahi dugun erabakitzea, ez badakigu gainerako guztia. Kontuan hartuta zenbat diru den, herritarrei zelako aldaketa dakarkien… uste dut hausnarketa hori egin behar dugula Mankomunitatean, eta espero dut egingo dugula. 

Eta berriro diot, Elgetan herritarrekin batera hartuko dugu zaborren gaineko erabakia. Eta mundu guztia trankil egon dadila, horixe egingo dugu-eta!

Garraio zerbitzua. Taxi-bus zerbitzua duzue orain Eibarrera?

Aurreko agintaldian bi urte egon ginen herritarrekin batera garraio kontuetan zer behar genuen adosten. Agintaldi honetan lan horri heldu, Diputazioko arduradun berriei helarazi, negoziatu, eta herritarrekin berriz azken ordutegiak adostu ditugu. Zerbitzua martxan dago. Espero dugu Bergarakoa ere laster martxan ipintzea. Foru Aldundiaren eskumena da, eta eurekin berbetan ari garen kontu bat da. 

Teilatupeetan eta lokal komertzialetan etxebizitzak egin ahal izateko ordenantza ere onartu duzue.

Eraikin askotako jabeekin egon ginen harremanetan ordenantza berri hori adosteko.  

Aixolako zentroak, berriz, bi urte bete ditu. Hasierako beldurrak uxatu dira?

Udalok zentroaren gorabeheren gainean informatuta gaude. Gorabeherak izaten dira, baina uste dut asmatzen ari garela horiek alarma moduan ez zabaltzen.

Zenbat gazte daude une honetan zentroan?

Udal arduradunak du horren berri. Nik ez dakit, eta jakingo banu ere ez nizuke esango. Gai hauek tentu handiz tratatu behar ditugula uste dut.

-----------------

Herritarrak alkateari galdezka

Ziurta dezakezu datorren uztailetik aurrera Elgetako eguneko zentroak zabalik jarraituko duela? "Ziurtatu esatea asko esatea da. Gainera, Diputazioa erakunde bakoitzaren eskumenak zeintzuk diren finkatzen ari da, eta badirudi hark hartuko duela eguneko zentroena. Beste kontu bat da zerbitzua zeinek emango duen. Gurean zerbitzu sozialak aurrera eramateko Bideberri mankomunitatea sortu dugu, eta logika baten barruan sartzen da esleipen bateratua egitea".

Txakur-kaka gero eta gehiago dago herriko berdegune eta espaloietan. Zer egingo du Udalak? "Egia da egoera jasanezina bihurtu dela, eta Udaletik hainbat neurri hartzea lantzen ari gara. Hartu izan ditugu neurriak, baina gehiago hartu beharko ditugu; izan ere, egoera ez da batere hobetzen. Txakur-jabeei euren arduren berri ematen jarraitu beharko dugu, sentsibilizazio lana egiten. Dena den, gaur egun oraindik ere esaten egon beharra... Baina horretan jarraitu beharko dugu, edo neurri zorrotzagoak hartu".

Pinu landaketak direla-eta, aspaldi honetan Intxortako beleta ez da herritik ikusten; zer egin dezake Udalak? "Duela zortzi urte Udalera aurkeztu ginenean guk jaso genuen gai hori gure programan. Egia da herritar batzuen aspaldiko eskaera dela beleta berriz ere herritik ikustea. Gestioetan aritu gara, eta, pinuak landatuta dauden lursail horiek erostera joan garenean, balio dutenaren bikoitza edo hirukoitza eskatu digute. Udaletik prest gaude lursail horiek erosteko, baina dagokion prezioan, ez garestiago".

-----------------

Oposizioko alderdien balorazioa eta alkateari galderak

Janire Lazkano (Bilduko bozeramailea): "Alkatetza honek tentsio une asko eman dizkigu, eta pentsatzen dugu ezjakintasunean ere laga izan nahi gaituela. Otsailean iritsi zen tentsio une garrantzitsuenetariko bat. Proposaturiko murrizketak ez zitzaizkigun logikoak iruditzen, eta koherenteena gure aldetik bi batzorde-burutzak lagatzea iruditu zitzaigun. Foru Funtsak sortu duen desfasea Asentzioko proiektua gelditzearekin bakarrik konpentsa daiteke zerbitzu murrizketarik egin gabe".

Alkatearen erantzuna: "Uste dut ez dela egon tentsio unerik, eta egon bada edo Bilduk gauza batzuk ez baditu logikoak ikusten, normalena da alkatearekin edo bere taldearekin berba egitea, ez bi batzorde-burutzak azalpenik eman gabe eta erabakiak hartu aurretik lagatzea. UEMAtik irtetea, edo dena delakoa, denon artean erabaki beharko dugu".

Hiri hondakinen inguruan ze asmo duzue epe ertainera? "Debagoieneko Mankomunitateari eskatu diogu duela bi urte hartutako konpromisoak zertan diren eta ze asmo duen garbi azaltzeko. Elgetan erabakia herritarrekin batera hartuko dugu. Mundu guztia trankil egon dadila, horixe egingo dugu-eta!".

Bi kargu publikoak bateragarriak direla pentsatzen duzu? "Bai. Ez dut uste Elgetako Udalak ematen duenik alkate bat liberatuta egoteko ez dakit zelako soldatarekin. Eta ni legebiltzarkide izateak ahalbidetu du alkatearen soldata herriko beste gauza batzuetarako erabiltzea".

-----------------

Patxi Basauri (EAJko bozeramailea): "Goiz da balorazioa behar den moduan egiteko, baina prest gaude lanean jarraitzeko, eta zentzu horretan egiten dugun balorazioa positiboa da. Bi batzorde-burutza ditugu, Turismoa eta Baserritarrak, eta pentsatzen dut hartutako konpromisoak betetzen ari garela. Bilduk utzi egin ditu hartu zituen batzorde-burutzak... euren arrazoiak izango dituzte. Guk herriaren alde lan egiten jarraituko dugu".

Alkatearen erantzuna: "Bai, balorazio honen aurrean ez dut ezer gaineratzeko. Gauza da batzuek jarraitzen dugula herria arduratik eraiki guran, herriaren alde arduratik lan eginez, eta beste batzuek erabaki dutela oposizioan egotea. Uste dut egoera tentsio handikoa dela errealitate ekonomikoa bera tentsio handikoa delako eta horrek erabakiak hartu beharra eskatzen duelako; erabaki zailak, gainera".

Udalak babestuko luke lau t'erdiko pilota txapelketa? "Dirulaguntzak %100 mantentzea erabaki dugu aurten, eta horrela jakinarazi genien Ozkarbi pilota elkartekoei ere. Egongo gara Ozkarbi elkartekoekin; dena den, uste dut ez dagokiola Udalari elkarteen funtzioak betetzea".

Elgeta 21 moduko dinamikarik jarriko duzue martxan? "Egia da baliabideak edukitzeak laguntzen duela, baina egoera honetan Elgetako Udalak ezin du horrelako dinamika bat bere gain hartu. Akaso beste bide batzuk jorratu beharko genituzkeela? Ahalegina egingo dugu".


Elkarrizketa osoa ikusgai hemen

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak