Alerion Spain promotoreak 17 milioi euroko proiektua aurkeztu du Debagoienerako

Eneko Azurmendi Barrena

Eoliko batzuk.

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak gaur jaso du promotorearen eskaria, Eskoriatza eta Aramaio artean 16,88 milioi euroko aurrekontua izango lukeen proiektua egin ahal izateko. 

Uztailean promotoreak egin zuen eskaeraren ostean, Subero eta Durakogain parke eolikoen aurretiazko baimenaren eskaera eta ingurumen-inpaktuaren azterketa publikatu du gaur, martitzena, Eusko Jaurlaritzak, aldizkari ofizialean. Hain zuzen, 9,9 megawatteko (MW) proiektua eta 16.886.731,87 euroko inbertsio materiala izango luke (BEZ gabe), Eskoriatza eta Aramaio artean banatuta.

Goldwind fabrikatzailearen bi aerosorgailu instalatzea aurreikusten du Alerion Spain promotoreak, 110 metroko altuera eta 170 metroko diametroa dutenak, 83,3 metroko palekin. Aldizkarian jasota dagoenez, "turbinek, 7,2 megawatteko potentzia nominala" duten arren, "bakoitzak 4,95 megawatteko gaitasuna izango luke, espedienteko 9,9 megawattekin batera sarera isurtzeko eta urtean 43.362 megawatteko sorkuntza garbia lortzeko".

Proiektuaren arabera, Aramaioko mendietan bi aerosorgailu eta neurketa meteorologikorako dorre bat kokatuko lirateke. Ebakuazio elektrikoa, halaber, lurpean joango litzateke, 30 kilovolteko goi-tentsioko lineen bidez –3,7 eta 2,9 kilometro–, Eskoriatzako sekzionamendu zentro berri bateraino. Han, Iberdrolaren i-DE banatzailearen Arrasate-Eskoriatza 1 linearekin konektatuko litzateke.

Aldizkarian gaur argitaratuta, orain 30 egun balioduneko epea dute partikularrek, erakundeek eta gizarte-taldeek dokumentazioa kontsultatu eta alegazioak egin ahal izateko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak