Gatzaga eta Arabako muga arteko tartea lizitaziora atera dute, Vasco-Navarro bide berdea osatzeko

Imanol Beloki Unamuno

Arlabanen, Gure Ametsa jatetxearen atzeko bidea.

Vasco-Navarro trenbidean bide berdea osatzeko tarte berri baten idazketa jarri du martxan Aldundiak. Hain zuzen ere, lizitaziora atera du Leintz Gatzaga eta Arabako mugaren arteko tartearen proiektuaren idazketa. Halaber, uneotan erredakzio fasean daude Eskoriatza eta Zarimutz arteko lehen 7,5 kilometroak. Lanak 2027 urtean hasi nahi dituzte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak urrats berri bat eman du Vasco-Navarro trenbide zaharraren ibilbidea berreskuratzeko eta Eskoriatza eta Landa arteko bide berdea osatzeko. Horretarako, ibilbideko seigarren tartearen proiektua idazteko lanak lizitaziora atera ditu, 40.366 euroko aurrekontuarekin eta hiru hilabeteko gauzatze-epearekin.

Leintz Gatzagako udalerrian kokatzen da tarte hori osorik, eta 3.262 metroko luzera du. Proiektu honen bidez, Aldundiak trenbide zaharraren trazadura berreskuratu nahi du, ahal den neurrian jatorrizko ibilbidea eta egiturak mantenduz, oinezkoek eta txirrindulariek erabiltzeko moduko bide berdea sortzeko. "Helburua ez da soilik ibilbidea egokitzea, baita Debagoieneko historia eta ondarea berreskuratzea eta ingurune naturalaren balioa nabarmentzea ere", azaldu dute Aldunditik.

Leintz Gatzagako tartea ibilbide osoko luzeena bada ere, ez dauka tunelik. Hori dela eta, proiektuak, batez ere, drainatze-sistemak eta zoladura egokitzeko lanak zehaztu beharko ditu, bidearen erabilera-baldintza egokiak bermatzeko. Era berean, ibilbidearen ertzetako ezponden egoera aztertuko da. Tarteak GI-627 errepidea gurutzatzen du Arlabango gainean, eta puntu horren ezaugarriak eta beharrak ere kontuan hartu beharko dira proiektua idazterakoan.

Vasco-Navarro bide berdeko faseen mapa.

Lanak hasi ahal izateko, urrats berria

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Bide Azpiegituretako eta Lurralde Estrategiako departamenduaren proiektuak 17,3 kilometroko ibilbidea hartzen du, Eskoriatzako Kuatruena auzotik Arabako mugaraino, hain zuzen. Guztira, 12,5 milioi euro inguruko inbertsioa aurreikusten da ibilbide osoa egokitu ahal izateko.

Trazaduraren egoera oso desberdina da ibilbideko puntu batzuetatik besteetara. Horregatik, Aldundiak sei tartetan banatu du proiektua, bakoitzaren ezaugarrietara egokitutako esku-hartzeak zehazteko. Lehen bi tarteen proiektuak idazten ari dira dagoeneko: Eskoriatzatik Mazmelara doana eta Mazmelatik Zarimutzera doana. Bien artean, ibilbidearen lehen 7,5 kilometroak hartzen dituzte.

Aldundiaren asmoa da, eman beharreko urrats guztiek ahalbideratzen duten heinean, tarte horietako obrak 2027an lizitatu eta gauzatzea. Bitartean, gainerako tarteen proiektuak idazten jarraituko du, bide berdea pixkanaka osatzeko eta obrak modu jarraituan egiteko.

Egindako azken lanak

2022an, Rafaela Romero Mugikortasuneko Diputatua, Miguel Angel Crespo Departamentuko Zuzendaria, Mankomunitateko Ines Caceres Turismo teknikaria, eta Koldo Azkoitia Mankomunitateko Garapen Agentziako arduraduna Leintz Gatzagan batu dira Eugenio Otsoa alkatearekin eta udalbatzako beste kide batzuekin batera elkartu zen Gure Ametsa jatetxe atzeko eremua bisitatzeko.

2023ko abenduan, berriz, Tellerixa (Arlabango mendatea) izeneko bidegurutzetik Gure Ametsa jatetxeraino doan bidearen 400-600 metro inguruko zatia konpondu zuten. Bide-zati hori egokituta, Leintz Gatzagako biztanleen mugikortasuna hobetu zen, baita Deba ibaiaren iturburua eta inguruan dagoen Gipuzkoako bigarren hariztia ezagutzera bertaratzen diren bisitariena ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak