Bide berdearen zatia egokitzeko lanak bukatzen ari dira

Imanol Beloki Unamuno 2023ko abe. 15a, 10:13

Gure Ametsa jatetxe alboan egokitu duten bidea lanengatik itxita.

400 eta 600 metro inguru artean daude Tellerixa (Arlaban mendatea) deitzen den bidegurutzetik Gure Ametsa jatetxeraino. Tarte hori ari dira egokitzen Excavaciones Arrasatekoak, eta egunotan amaitzea aurreikusten dute.

Aldundiak babestutako lan horiekin, Vasco-Navarro bide berdeko zati hori egokitu gura dute, eta Leintz Gatzagako biztanleen mugikortasunaren eta Deba ibaiaren iturburua eta inguruan dagoen hariztia ezagutzera bertaratzen diren bisitarien onerako izango dela adierazi du Juanito Bengoak, Leintz Gatzagako Mendi zinegotziak.

Proiektua berrartu eta egin

"Oker ez banago, 2016an hasi ginen zati hori egokitzeko asmoarekin. Beti lokaztuta zegoen, bidea sasiekin… Jendea errepidean ere aritzen zen; beraz, arriskua ere bazegoen. Hala, proiektua egin zen, baina bere horretan geratu zen. Aurten, berriz hartu dugu gaia eta Aldundiko Egonkortasun Sailetik ari dira gestionatzen. Oso pozik gaude egiten ari direnarekin", adierazi du Juanito Bengoak, Gatzagako Mendi zinegotziak. Lanak amaitzear, Tellerixako bidegurutzean errepidea zeharkatzeko seinaleekin Trafikokoak arduratuko direla adierazi du.

Lehentasunezko lana

Gatz Bidearen errekuperazioan egin den lanaz gain, honako hau ere lehentasuneko zela adierazi du, bestalde, Dorleta Elkorobarrutiak, Gatzagako alkateak. "Gatzagako Udalaren erronketako bat Gatzagari sarbide edo irteerak ematea edo daudenak ondo jartzea da. Arabarekin eta bailararekin loturak ematea, ikuspuntu jasangarritik".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak