Aldundiak Jarri prest zure bizikleta Mugi-rekin ekimena abiatu du, "gipuzkoarren artean mugikortasun-ohitura jasangarriagoak eta osasungarriagoak sustatzeko helburuarekin". Horren baitan, Doako bizikleta-berrikusketak eta ihes-gela egingo dituzte eguenean, irailak 24, Arrasaten eta Bergaran.
Lehenari dagokionez, furgoneta-lantegia Mugi txartela aurkezten duten pertsona guztientzat egongo da erabilgarri. Era berean, beharrezko laguntza emango diete Mugi txartela eskatu eta, horrela, sistema horrek eskaintzen dituen abantaila guztiak baliatzen hasi nahi duten pertsonei. Lantegia 10:30etik 14:00etara egongo da Arrasateko Biteri plazan eta 16:00etatik 20:00etara Bergarako Irala kalean.
Aurten ere erabiltzaileek bi bizikletaren zozketan parte hartu ahal izango dute, baita Mugi txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.
Ihes-gela, "modu ludikoan"
Bestalde, gaztetatik mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin, ihes-gela egingo dute. Ekimena herritar guztiei zuzenduta badago ere, arreta berezia jarriko du belaunaldi gazteenengan. "Izan ere, txikitatik hartzen ditugun mugikortasun-ohiturek garrantzi handia dute gizarte gisa gure etorkizuna eraikitzeko orduan", Azahara Dominguez foru diputatuaren esanetan.
Ihes-gelak 45 eta 60 minutu arteko iraupena du, eta "modu ludiko eta oso entretenigarrian", garraio publikoaren garrantziaz eta Mugi sistemaren abantailez eta balioez sentsibilizatzea ahalbidetzen du, "baita gazteen mugikortasun autonomoagoa sustatzea ere", Dominguezen esanetan. Jokoa "arrakastaz" amaitzen dutenek ere bi bizikletaren zozketan parte hartuko dute, baita Mugi txarteletan 20 euroko 60 karga eskuratzeko zozketan ere.
Parte hartzeko deia
Maider Morras alkateak zera adierazi du: "Herritarrak parte hartzera gonbidatzen ditugu astean zehar antolatutako jardueretan, guztion artean Arrasate jasangarriago, osasuntsuago eta atseginago bati ate berriak zabaltzeko". Gorka Artola Bergarako alkateak, aldiz, nabarmendu du oraindik "lan handia" dagoela egiteko. "Askotariko ekintzak egin izan ditugun arren, hainbat erronka ditugu herri mailan, tartean oinezkoen eta bizikleten sarea herri barruan ezartzea. Mugikortasun ereduaren inguruan hausnartzea eta ingurumenari kalte egiten dioten emisioak gutxitzea guztion ardura da", gaineratu du.